Hondarribia AEk hitzordu bikoitza izango du asteburuan
Larunbatean Gipuzkoako trainerilla ligako 4. eta azken jardunaldia jokatuko dute. Igandean berriz, Gipuzkoako Txapelketa hasiko dute.
Asteburu honetan hitzordu bikoitza izango dute Hondarribia Arraun Elkarteko kideek. Batetik, larunbatean (hilak 13) Gipuzkoako trainerilla ligako 4. eta azken jardunaldia jokatuko dute, herrian. Jardunaldi honek hurrengo egunean jokatuko den Gipuzkoako Txapelketaren tandak egiteko balioko du. Binakako erlojupeko modalitatean ariko dira. Lehia “gogorra” espero du elkarteak larunbatean, gizonezkoek Orio izango dute aurkari nagusi, eta emakumezkoek aldiz, Tolosa. 10:30ean hasiko da lehia.
Igandean berriz, lau txanda izango dira: gizonezko gazteak hasiko dira, eta ondoren Federazio trofeoa jokatu eta AB F maila eta AB M mailakoak lehiatuko dira. “Ikuskizun bikaina” espero dute elkartekoek, 1,5 metroko olatuak eta haize bortitza iragarri baitute.