Ikastetxeentzako igeriketa ikastaroa eskainiko du Irungo Udalak
Irungo 11 ikastetxe publikoko eta itunduetako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat izango da, eta 2023ko irailean hasiko den ikasturte berriarekin hasiko da.
Datorren ikasturtean eskola-igeriketa kanpaina jarriko du martxan Irungo Udalak hiriko ikastetxeei ikastaro hauek gerturatzeko helburuarekin. Albiste honen berri atzo eman zuen Borja Olazabal Kirol ordezkariak, eta proiektua aurrera eramateko apirileko udalbatzan ez zela kontrako botorik eman azaldu zuen.
Duela urte batzuk martxan zegoen programa zen eskola-igeriketarena eta berriz ere berreskuratzea da erabaki dutena. “Ideia ona iruditzen zaigu berriro ekitea” dio Olazabalek eta, aldi berean, “oso garrantzitsua” dela nabarmendu du, igeriketa “gaztetatik menderatzea funtsezkoa iruditzen” zaiolako.
Programa hau Irungo 11 ikastetxe publikoko eta itunduetako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat izango da, eta 2023ko irailean hasiko den ikasturte berriarekin hasiko da. Zehaztu dutenez talde bakoitzak, gehienez, 20 jardunaldi jasoko ditu eta Artalekun eta Azken Portuko igerilekuetan eskainiko dira saioak.