Bigarren autobus linean ere, autobus elektrikoak
L-1 lineako guztiak elektrikoak dira egun eta L-2ko lehena ekainean iritsiko da. Horrez gain, autobus barruan berrikuntzak iragarri dituzte, esaterako, txartelarekin ahalko da ordaindu.
2019an hasi zen Irungo Udala hiriko autobus zerbitzuko ibilgailuak elektrikora aldatzen eta, bide horretan, L-1 linea guztiz elektrikoa izatera pasa da.
Orain, L-2 linearen txanda da eta lehen autobus elektrikoa ekainean iritsiko dela iragarri du du gaur Borja Olazabal Mugikortasun ordezkariak.
Era horretan, dagoeneko martxan dauden autobus elektrikoak 4 izatetik 8 izatera pasako dira, eta Irunbusek egingo dituen bidaien %90 elektrikoak izango dira.
Bestelako berrikuntzak ere egingo dituzte Irunbusen, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta Mugi txartelaren garapenak aginduta. Next Generation diru funtsak erabiliko dituzte autobusen barruko ekipamendua eskuratzeko.
Beraz, hamahiru autobusek “ticketing euskarri berriak, informazio panel modernoagoak eta dagokion softwarea” izango dituzte. Gainera, wifi konexioa instalatuko dute, eta txartelarekin ordaintzeko aukera izango da eta ez soilik esku diruarekin.