Hauteskundeetarako galdera eta eskarien zerrenda bat osatuko du Amute Kosta Auzo Elkarteak
Herritarren arazoak, eskaerak eta kezkak jaso nahi dituzte, alkategaiei helarazteko asmoz. Igandera bitarte aurkez daitezke.
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeei begira, Amute Kosta Auzo Elkarteak galdera eta eskarien zerrenda bat irekitzea erabaki du, “herritarren arazoak, eskaerak eta kezkak datozen lau urteetan gure ordezkari izango diren politikariei hurbiltzeko” asmoz. Hala, galderak edo eskariak helbide honetara bidali beharko dituzte hondarribiarrek, edo bestela, 943 57 73 10 telefono bidez jasoko dituzte, Whatsapp-en.
Jasotako guztiekin zerrenda bat osatuko du auzo elkarteak, eta horiek alkategai guztien helbide elektronikoetara bidaliko dituzte, guztiei idatziz erantzuteko eskatuz. Jasotako erantzun horiek argitaratuko dituzte gero, “bizilagun guztiek horren berri izan dezaten”.
Hilaren 14ra bitarte (igandea) bidali daitezke galderak eta eskariak. Datorren astelehenetik (hilak 15) asteazkenera (hilak 17) alderdiei galderen zerrenda bidaliko diete eta hilaren 24tik 26ra erantzunak argitaratuko dituzte.