Aurrera doa San Juan plazako ingurua berritzeko proiektua
Jarduketen hurrengo urratsa San Juan plazako aparkalekuko sarrera egokitzeko lanak dira, eta obrak martxan dira jada.

San Juan plazaren ingurua berritzeko proiektuak urratsak ematen jarraitzen du. Orain arte Berrotaran eta Legia kaleak oinezkoentzat ahalbidetu dira, eta aparkalekura sartzeko bidearen zoladura aldatzea da hurrengo pausoa. Parkingerako sarrera egokitzeko lanen barruan, aglomeratuzko zoladuraren ordez galtzada harria jarriko da, aparkalekuko arrapalarako sarbidean dagoen zoladurari jarraipena emateko.
Jarduketa hori martxan da jada, atzo hasi baitziren lanean eremu horretan. Aparkalekuko sarbidea eta obrako lanak “bateragarriak” izateko, aparkalekura sartzeko trafikoa oinezkoen espaloitik “pixka bat” desbideratuko dela jakinarazi du Irungo Udalak. Gauzak horrela, hormigoizko lauza bat jarriko da behin-behinean, ibilgailuentzat plataforma bat lortzeko. Desbideratze hori hiru edo lau astetan mantenduko dela aurreikusi du udal erakundeak. Oinezkoen pasabidea, aldiz, Jenaro Etxeandiatik hurbilen dagoen truka lekuaren muturrean dauden zebrabideetatik bideratuko dela zehaztu du udalak, Almudena Grandes plazarekin lotuz.
Jarduketaren gainerakoa
Jarduketaren gainerakoari dagokionez, Foru eta Berrotaran kaleetatik igaro ondoren, Jenaro Etxeandia plazan lanak “erritmo onean” doazela baietsi du udalak. Proiektua Otegi Gaztañaga SL enpresari esleitu zaio ia milioi eta erdi euroan, eta lanak egiteko epea hamabi hilabetekoa da.
San Juan plazaren ingurua berritzeko jarduketa “udalerriek emisio gutxiko eremuak ezartzeko eta hiri barruko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria bultzatzeko laguntza programaren” barruan kokatuta dagoela nabarmendu du udalak, eta Europar Batasunak ere finantzatuko du, NextGenerationEU funtsen bidez, 600.000 euro ingururekin.