Bizikletaren erabilera bultzatzeko zenbait jarduera antolatu ditu Balaztak
Datozen asteotarako tailerrak, ikastaroak eta txangoak antolatu dituzte, "mugikortasun iraunkorrago baterantz aurrera egiten jarraitzeko".
Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak zenbait jarduera antolatu ditu datozen asteotarako, haien arabera, “bizikletaren erabilera bultzatzeko eta mugikortasun iraunkorrago baterantz aurrera egiten jarraitzeko”.
Urte hasieran abiatutako Bidasoa Bizikletaz proiektuaren barruan kokatu dituzte jarduera batzuk. Urteko lehen hiruhilekoan autokonponketa tailerrak, bizikletaz ibiltzeko emakumeentzako ikastaroak, topaketak eta beste zenbait ekintza egin dituzte.
Datorren ekintza igande honetan (hilak 14) egingo dute. Bizibilketa egingo dute Txingudiko Ekoetxean, 10:00etatik 14:00etara. Datorren astelehenetik asteartera (hilaren 15ean eta 16an) emakumeentzako ikastaroa eta tailerra egingo dute, baina oraindik ez dute leku eta ordutegirik ezarri. Ekainaren 22 eta 29an eta uztailaren 6, 13 eta 20an autokonponketa tailerraren txanda helduko da. Hendaian egingo dituzte saioak, Recycl´arten.
Bestetik, Bizi-Connect proiektuan murgilduta dago Balazta, eta honen barruan ere zenbat saio egingo dituztela iragarri dute. Lehena bihar (hilak 9), hilaren 23an eta 30an izango da, autokonponketa tailerra egingo dute Balaztako lokalean. Ekainaren 6an ere tailer berbera errepikatuko dute, baina ez dute lekurik finkatu (17:00etan hasiko dute). Azkenik, ekainaren 10ean, Lesakara txangoa antolatu dute, bide berdetik. Bertan bizikleta festa egingo dute.