[Bideoa] Osasun Bidasoa: "Berehalako konponbide sinesgarriak nahi ditugu"
Ehunka eta ehunka izan dira gaur arratsaldean Osasun Bidasoa plataformaren mobilizazio deiarekin bat egin dutenak.
Osasun Bidasoa plataformak deituta, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Irungo kaleetatik. Ehunka izan dira eragilearen deiari jarraitu dioten herritarrak. San Juan plazan hasi da martxa, eta erdiguneko kaleak zeharkatuta, Zabaltza plazan bukatu dute. Ageria utzi nahi izan dute Bidasoa eta Bortziriak eskualdeetako herritarrei eskaintzen zaien osasun arretaren kalitatea gero eta “okerragoa” dela.
Arreta eskasia horren zergatika eman dituzte plataformakoek gaur, behin martxa bukatuta: “Osasun zentroetan eta ospitaletan arreta duinerako espaziorik ez dago, diagnostiko larriak dituztenen itxaron-zerrendak gero eta handiagoak dira, lehen mailako arretako espezialitate batzuetan profesionalak falta dira…”.
Horiek horrela, plataformakoek egiaztatu dute osasun arloko ardurak dauzkatenek elkarrizketarako borondaterik ez dutela izan. “Horregatik guztiagatik, Irun, Hondarribia eta Bortzirietako biztanleei mobilizazioekin jarraitzeko deia egiten diegu, merezi dugun kalitatezko osasun publikoa lortzeko. Gure eskualdeetako osasun arazoei berehalako konponbide sinesgarriak eskatzen dizkiegu”.
Arazo horiek konpontze aldera, ideiak garbi dituzte: Irunen, Oinaurreko anbulatorio berria egitea; Bidasoko Ospitalean erreformak egin beharrean, eraikin gehigarria egitea; eta itxaron zerrendekin bukatzeko langile gehiago kontratatzea.
Jarraian, manifestazioaren bideoa.