[Erreportajea] Martzelina Lopetegi Olaiz, ahanzturatik errimaz azaleratuta
Oiartzungo bertso eskola Martzelina Bertsozale Elkartea izatera pasatu da. Martzelina Lopetegi Olaiz bertsolaria izan zena aitortuz. Hari buruzko liburua argitaratu dute, eta etzirako, festa.

Martzelina Lopetegi Olaiz bertsolaria ez da —oraingoz— oso ezaguna Oiartzunen. Hari buruzko informazio gutxi dago, eta herriko zaharrenek dakitena ere beste norbaiti entzundako kontuak dira. 1864an jaio zen, Ergoiengo

Alaia Martin, Karmele Mitxelena eta Iraitz Mateo Martzelina Bertsozale Elkarteko kideek sortu dute liburua.
Galtzadeta baserrian, eta 1930ean hil zen, bronkoneumonia baten ondorioz.
Tarte horretan lan egin zuen, bertsotan aritu zen eta 1907an ezkondu zen. Orduan utzi zion bertsoak egiteari. Spoiler-ak egiteko aukera askorik ez dago, oso datu gutxi baitaude.
Lopetegiren izena ahanzturatik ateratzeko ahaleginean hasi ziren Oiartzungo Bertso Eskolako kideak, tramite administratibo batek akuilatuta. Izan ere, edozein jarduera antolatzeko edo diru laguntzak eskatzeko «ezinbestekoa» zitzaien elkarte bilakatzea.
«Bertso eskola bat baino gehiago izan ohi da bertso mugimendua izatea herri batean: bertsozale izaten da, bertso antolatzaile izaten da, gai jartzaile izaten da, bertsolari izaten da…», kontatu du Alaia Martinek.
Izen berezi bat jarri nahi zioten, eta horrekin batera, izaeraz bete. Bilaketan ari zirela, Lopetegiren izenarekin topo egin zuten. Elkartea bataiatzeaz gain, tresna funtzio bat eman nahi izan zioten: «Isilpean eta ahanzturan zegoen izen hori lehenengo lerrora ekartzea erabaki genuen. Izen aukeraketa horri esker, jende askok esan digu jakin duela nor zen. Orain bere izena beti egongo da presente».
Aurpegirik ez eta biografia —oraingoz— murritza duen bertsolariak elkarte bat izango du bere izenarekin. Mugimenduan dauden gortinak eta leiho bat izango dira logotipoak.
«Dixiduk leiho bat zabalik irudikatu du, barrutik kanporantz doan haizearekin. Etxe barrutik kanpora doan zerbait da, emakumeak beti etxean sartuta egotera behartuta zeudelako. Haizea ikusezina da, baina hor dago», azaldu du Martinek.
Karmele Mitxelena elkarteko kideak gogorarazi du nola topo egin zuten berarekin: «Martzelinaren izena entzuna geneukan, baina oso urruti. Bazeudela emakume bertsolari batzuk, eta horietako bat oiartzuarra zela, eta Txirritarekin kantatu omen zuela Artikutzan. Horrelako istorioak entzunak genituen, baina informazio gehiegi ez geneukan. Galdezka hasi ginen, eta iturri batzuk lortu genituen».
Antonio Zabalak egindako biografiako datuetatik edan zuten, besteak beste, eta horretan oinarrituta Martzelina Lopetegi Olaiz. Edo. liburua ondu dute Martinek, Mitxelenak eta Iraitz Mateok.
Biografiaz gain, haren bizian oinarria duten fikziozko istorio bana idatzi dute. Hala ere, Lopetegiren berri gehiago edo argazkiren bat lortzeko ikertzen ari direla jakinarazi dute, bertsolariaren senideekin elkartuta, baina oraindik ez dute ezer lortu.
Liburuak banatuko dituzte igande eguerdian, plazan.
«Hain ezkutu eta isilean egon den pertsonai hori aitortza egiteko modu bat izan da. Orain kartel guztietan aterako da», erantsi du Mitxelenak. Mateorentzat ezinbestekoa da «garai hauetan» erreferentziak sortzea. «Inoiz ez ditugu izan». Adibide bat jarri du Mateok: «Txirrita denok ezagutzen dugu, eta bere irudia burura etortzen zaigu aipatzen denean. Martzelina eta beste askorena, ez».
Horregatik, «mistizitate handia» zuen pertsona «hezur-haragitara» ekartzea izan da beraien lana, «pixka bat bada ere».
Lopetegiren biziaren nondik norakoak pilatzeko zailtasunak aitortu eta berretsi ditu Mitxelenak, eta askotan hari buruz idatzita daudenak kontrajarriak direla: iturri batzuetan dio lau senide zirela, beste batzuetan bost; alaba bat eduki zuela diote, edo bi… «Ez dago argi. Pilatzen ari gara informazioa».
Horregatik fikzionatu dute bere bizia, bestela orrialde bat besterik ezingo lukete banatu. «Liburua bada jakin-mina pizteko zerbait. Zer izan zitekeen irudikatu dugu; pertsonaia berberak zein perspektiba izan zitzakeen, garaiaren arabera edo tokatu zitzaionaren arabera. Eta horregatik Edo», gaineratu du Mitxelenak.
Irreberentzia
Martinen esanetan, bertsolari ona zen Lopetegi. «Ausartu egiten zen gerturatu eta kantatzera. Mamiz ere bai, bertso onak dira, eta mezuei dagokienez, oso ausarta zen».
Txirritarekin izan zuen lehia aipatu du: «Txirritak aipatu zizkionean maitasun eta lige kontuak, erantzun zion gurasoekin ongi moldatzen zela, baina ‘ni libertadia hartuta, aspaldi nago’». Martinen ustez, «ahalduntze maila altua» zuen XX. mendeko hasierarako.
Hala ere, bueltan etorri zitzaion, Martinek kontatu duenez: «Martzelinak Txirritari esan zion berarekin ezkonduz gero, bertso-paperak salduz biziko zela, eta Txirrita, bertsotan. Hernaniarrak erantzun zion bertsoak eta kantuak ongi ahaztuta biziko zela berekin ezkonduta. Bete zen profezia, ezkondu zenean —ez Txirritarekin, Zabale baserrira baizik— utzi baitzion bertsoak kantatzeari».
Lopetegi plaza publikotik desagertu zen. «Gaurkotasuna» duen gaia dela nabarmendu du Martinek. «Emakumeok plazatik urrunago izan gara. Orain desagertu egiten dira, dela zaintza lanagatik edo beste esfera batzuetan interesgarri izateari uzten diotelako, komertzialki, produktu bezala. Martzelinaren kasuan gauza bera gertatu zen».
Hori guztia kontuan hartuta, eta imajinazioa estututa, idatzi dituzte hiru kontakizunak. Liburuaren izenburuan bertsolariaren izena agertzea nahi zuten, helburu argiarekin: «Izenburu artistiko ezberdin bat jarri izan bagenio, ez litzateke bere izena aterako. Orain badago Martzelina Lopetegi Olaiz izena daraman liburu bat. Hala ere, ezin genuen bere horretan utzi, biografia bat balitz bezala, guk sortutakoa ehuneko handi batean asmatua baita. Edo horrek gure ariketa jolasti hori justifikatzen du».
Martzelina Lopetegi Olaiz zenaren ilustrazioa, Bertsozale Elkarteak erabiltzen duena bere argazkirik
ez dagoelako. [Ilustrazioa: Txakur Gorria].
Horretarako lizentzia Lopetegiren izaerak berak eman diela nabarmendu du Martinek: «Bere biografia —haren falta— fikzionatzea bada bere keinu bat, bera ohoratzeko modu bat. Berari buruzko istorioak asmatzea era jolastian edota irreberente puntu horrekin. Bera izan zen jolastia eta ausarta bere garaian, pixka bat aurrerakoia, gauzak aldatu nahi zituen. Bere zilegitasun horri esker, irreberentzia hartu dugu aldaketak egiteko bere baimenarekin, baina gabe».
Modu horretan, Oiartzungo bibliotekan Martzelina Lopetegi Olaiz zenaren izena daraman liburu bat egongo dela esan dute. Oiartzuarrek liburu hori lortzeko aukera etzi eguerdian edukiko dute.
Izan ere, bertso elkartearen izen aldaketa ospatzeko eta Lopetegi bera omentzeko egitaraua prestatu du Martzelina Bertsozale Elkarteak. Egungo kide direnak zein bertso eskola zenetik pasatu direnak gonbidatu dituzte. Honakoa izango da helburua, Martinek azaldu duenez: «Nondik gatoz, nora goaz, eta zeintzuk gauden momentu honetan, eta nortzuk lagundu gaituzten, horri indarra eman eta elikatzeko asmoz».
Liburuaren aurkezpena Mirari Martiarenak gidatuko du, eta bertsogintzan hasi diren haurrek kantatuko, eta liburua banatuko dute. Ondoren, bertso-poteoa egingo dute, bazkariarekin zubi lanetan.
Arratsalderako bertso saioa antolatu dute. Martzelina elkarteak antolatuko duen lehenengoa izango da, eta Landetxeko estreinakoa. Sarrera gutxi batzuk geratzen ziren edizio hau ixterakoan. Ahanztura izango da gai nagusia, eta Alaia Martin, Unai Iturriaga, Miren Artetxe, Sustrai Colina eta Maialen Lujanbio arituko dira kantuan. Elkarteak oihalezko poltsak salduko ditu, Libertadia hartuta aspaldiyan nago leloarekin.
Igandetik aurrera, Oiartzungo bertsozaleek orain arteko ildoa jarraituko dutela iragarri dute: urtean lauzpabost saio antolatuko dituzte, eta Lopetegiren figuran gehiago sakondu nahi dute.
«Polita izango litzateke ikastetxeek unitate didaktiko bat sortzea, haurrak figura horrekin haz daitezen. Helburuen artean dago, baina borondatezko lanean ari gara, eta faseka joango gara. Mural bat ere egin nahi genuen, baina horretarako dirua eta denbora behar da… Pixkanaka joango gara», esan du Martinek.
Oraingoz, helburuetako bat beteko dute. Martzelinaren aurpegia nolakoa zen adierazten duen argazkirik ez da ageri, baina oiartzuarrek badakite nor den, ahanzturatik atera baitute.