Solas Jolaseko plaza libreetan izena emateko epea, zabalik
Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko haurrentzako dira plazak, horiek baitira libre geratu diren bakarrak. Hilaren 10a arte eman daiteke izena.
Irungo Udalak jakinarazi du zabalik dela Solas Jolas udalekuetan libre geratu diren plazetan izena emateko epea. Aukera hori hilaren 10a arte egongo da zabalik, eta antolatzaileek gogorarazi dute plaza horiek eskuratu ahal izateko “derrigorrezkoa” dela aurretiko izen-ematea egina izatea. Eskaintzen diren plaza guztiak Lehen Hezkuntzako bigarren ziklokoak direla zehaztu dute, “libre geratu diren bakarrak” baitira.
Udalak nabarmendu du aurten ere izen-emate “oso altua” izan duela udako programak, eta ondorioz, “oso gutxi direla libre geratu diren plazak”. Uztailerako 593 haurrek eman dute izena eta, abuzturako, 66 haurrek.
Izen-emateak udalaren egoitza elektronikoan edo Irungo puntu ezberdinetan dauden udal autozerbitzuko terminaletan egin daitezkeela zehaztu du udalak. Tramitea online egiten dutenek, Irun Txartela edo ziurtagiri digitala erabiliz egin dezakete izen-ematea. Autozerbitzuko terminalen bidea aukeratzen dutenek, aldiz, honako lekuetan egin beharko dute kudeaketa, HAZeko izapidegileak lagunduta, 08:00etatik 19:00etara: Kateako eta Anakako Kutxabankeko kutxazain automatikoetan, Palmera Montero gunean, Alhondiga Belaskoenea AAEEn eta San Migeleko helduentzako eremu sozialean.