Memoria Historikoaren jardunaren errepasoa egin du Elkarrekin-Podemos-IUk
84 urte pasa behar izan direla Irungo memoria historikoa lantzen hasteko deitoratu dute, eta ordura arte gaiaren bueltan egindako guztia talde memorialistek eskatu zutela egin zela mahai gaineratu dute.
Memoria Demokratikoko Estatu Idazkariari Irungo Udalak eskatu dio Etorbidearen zubia ofizialki “Memoria demokratikoaren gune” izenda dezaten eta eskaera horren aurrean Elkarrekin-Podemos-IUk dio zubia “borroka eta sufrimenduaren ikurra baino gehiago” dela.
Gogoratu dute Etorbidearen zubia irundar askok ikusi zuten azken tokia izan zela eta asko ez zirela inoiz itzuli beraien etxera. Zubia irundarren “etorkizuneko azken zirrikitua” izan zela ere oroitu dute, “Gerra Zibilagatik setiatuta zeudela”.
Bestalde, harridura erakutsi du koalizioak “memoria historikoaren lanketa serioa 2020ko abenduan” iritsi zela-eta. Guztira 84 urte pasa direla irundarrek Etorbidearen zubia pasa zutenetik diote, baina “memoria historikoaren bulegoa gobernu ituna sinatu zenean sortu zen bulegoa, eta orain Irungo Udala hiriarekin zuen zorra kitatzen hasi da” azaldu du Santi Jimenezek.
Zalantzan jarri du koalizioak haiek gobernura iritsi ez balira memoria historikoaren bulegoak egindako lana nolakoa izango zen: “Ziurrenik beste 20 urte igaroko ziren memoria historikoaren arloan inolako errekonozimendurik gabe, udal gobernuan sartu ez bagina”, ondorioztatu du Jimenezek.
Horrez gain, Memoria Bulegoak lau urte hauetan egin duen lanaren errepasoa egin dute. Hala, Irungo eta beste leku batzuetako pertsonek jasandako Gerra Zibila eta errepresio frankista ezagutzeko eta aitortzeko “hainbat ekimen eta programa” sortu dituzte.
Era berean, proiektu asko gauzatu dituztela azken bi urteetan ere nabarmendu du Jimenezek, “eta hori ezinezkoa izango zen gure koalizioa udal gobernuan sartu gabe; izan ere, orain arte memoria historikoarekin zerikusia zuen guztia elkarte memorialistek egindako eskaeretatik sortzen zen”.
Memoria Historikoaren Espainiako Estatuko Kongresua antola izana ere gogoratu dute; Irungo hildako demokratikoen errolda egin izana ere; eta Pikoketan fusilatutako Mertxe Lopez eta Pilar Vallesen irudiak berreskuratu dituztela. Bide horretan, indar frankistek leku berean fusilatutako pertsonen izen berriak jakin dituztela ere nabarmendu dute.
Egikaritutako ekintzekin segituz, Olaberrian Frankismoaren garaiko gerra presoek egindako lan esklaboa aitortzeko plaka jarri dute Olaberriako kanalean, Nicolas Gerendiain elkarteak urte luzetan eskatu ondoren.