Kale garbitzaileen hitzarmen berria eskatzeko elkarretaratzea egin dute
Jada sei bilera egin dituzte patronalarekin ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta ez dute inolako proposamenik jaso. Lan hitzarmena berritzearen arduradunak Irungo eta Hondarribiko Udalak, eta Txingudi Zerbitzuak ere badirela adierazi dute.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizazioa egin dute gaur Irunen Gipuzkoako kale garbitzaileen eta zabor biltzaileen hitzarmena berritzeko eskaera egiteko, 2022ko abenduan iraungi baitzen azkena. Irungo gaurko elkarretaratzeak “nabarmentzeko arrakasta” izan du sindikatuen arabera.
Xabier Etxaniz ELAko ordezkariak azaldu du hainbat direla egindako eskakizunak: “KPIaren erreferentzia ez galtzea nahi dugu. Gaur egun patronalek bilatzen dute KPIaren erreferentzia kentzea eta igoera finko bat izatea”. Baina sindikatuek argi dutela dio, “KPIa mantendu egin behar da”.
Horrez gain, errelebo kontratuak sinatzeko aukerei zailtasunak jartzea proposatu dute, eta bajen osagarriak murriztea. Partzialtasunean hobekuntzak egitea ere galdegin dute.
Dagoeneko sei bilera egin dituzte patronalarekin eta gaur gaurkoz ez dute inolako hitzarmen proposamenik jaso. “Hau ez da negoziaketa”, salatu dute.
Hitzarmen hau berritzearen arduradunak Irungo eta Hondarribiko Udalak zein Txingudi Zerbitzuak direla argi adierazi du Etxanizek eta, horregatik, gutun bana bidali dute erakunde horietara. Oraindik ez dute erantzunik jaso eta “ez dugu espero” adierazi dute. “Borrokatu egin beharko dugu derrigor”.