Irungo PPk hauteskunde programa aurkeztu du
"Asmo handikoak" izateko garaia dela azaldu zuen Iñigo Manrique PPren alkategaiak, eta igerileku olinpiko bat edota campus unibertsitario baten beharra defendatu zuten.
Atzo Irungo Partido Popularrak hauteskunde programaren aurkezpen hitzaldia egin zuen Palace kafetegian eta bertan izan ziren PPren Irungo alkategaia, Iñigo Manrique, Gipuzkoako PPko presidentea, Muriel Larrea eta hauteskundeetako PPren bozeramailea, Borja Semper.
Hitza hartzen lehena Larrea izan zen eta “ilusioarekin” aurkeztu zuen Manriqueren hautagaitza. Hautagai “hoberenetariko” bat dela azaldu zuen Larreak eta Manriquek “hoberena” zela erantzun zion. Baina Larreak nabarmendu zuen Semper ere hautagai izan zela eta “garrantzitsua” izan zela, “Joana Bengoetxearekin batera”. Manriquek “listoia oso altu dago” gehitu zuen.
Segidan Semperren txanda izan zen eta Manrique “alkategai ona” dela ziurtatu zuen. “Iñigo [Manrique] tipo ona da” definitu zuen: “Sakrifizioarekin, kemenarekin, ausardiarekin eta erabakitasunez, oztopoak, barnekoak nahiz kanpokoak gainditu dituen tipoa da”.
Semperrek uste du “arrakasta” izango duela Manriquek maiatzaren 28ko hauteskundeetan eta Irun “hobea” izango dela ziur azaldu zuen. “Irunek politikari hobeak izango dituelako, pertsona konprometituak izango dituelako denen artean aurrera egiteko, desberdinen artean”.
Egungo Irungo politikariei buruz ere mintzatu zen hauteskundeetako PPko bozeramailea eta “Irungo politikan ez dago soberan jende ona” adierazi zuen, eta Manriquek erantzun zion “kontrara” dela kontua.
Hauteskunde programa
Azken hitza Manriquerena izan zen eta hauteskunde programan hiri ereduari buruzkoak gehitu dituela azaldu zuen: “Erabaki behar dugu ea lotarako hiria izatearekin konformatu nahi dugun edo bizirik dagoen hiri bat nahi dugun zeinetan lan egin daitekeen, ikasi, erosketak egin eta zerbitzuen kalitateagatik nabarmentzen den”.
“Asmo handikoak” izateko garaia dela adierazi zuen alkategaia eta programan bilduko dituzten proposamenak zerrendatu zituen: “Campus unibertsitario bat nahi dugu enpresan zentratutakoa eta praktika dualak eskaintzen dituena, espazio berde zabalarekin eta ongi komunikatuta dagoena Donostiarekin, tren geltoki berriari esker”.
Era berean, igerileku olinpiko bat eskatu du PPk, “balioaniztun eta modulagarria, lehiaketa ofizialak hartzeko gai dena eta elitetik hasi eta eskola-kirol federaturaino errehabilitazio-jardueretatik pasata erabil daitekeena. Guztientzako ekipamenduak nahi ditugu”.