Etorbidearen zubia, memoriaren topagune
Santanok gutun bat bidali du Espainiako Gobernuaren mendeko Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzara Etorbidearen zubia ofizialki "Memoria demokratikoaren gune" izenda dezaten.
Jose Antonio Santano alkateak gutun bat bidali du Espainiako Gobernuaren mendeko Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzara Etorbidearen zubia ofizialki “Memoria demokratikoaren gune” izenda dezaten Irungo Udalaren eskaeraren berri emateko. Urrats horrekin, Irungo alkateak jarraipena eman dio iragan otsailean Fernando Martinez estatu idazkariarekin izandako topaketari. Memoria Demokratikoaren Estatuko Kongresua Irunen egin zen, eta bertan hitz egin zuten Santanok eta Martinezek aukera hori mahai gainean jartzeko.
Santanok Etorbidearen zubia “leku sinbolikoa” dela adierazi du bi arrazoirengatik: “Bidasoa gaineko zubi horrek oso ondo laburbiltzen du gerratik ihesi joan behar izan zuten milaka pertsonaren sufrimendua. Baina, beste ikuspegi batetik, desira bat ere izan da, nolabait, urte askoan oso gertu ikusten genuen Europa horrekin lotzen gintuen topagunea. Zubiak elkartzen gintuen Hendaiako bizilagunekin, eta askatasuna eta demokrazia berreskuratzeko nahia ere irudikatzen zuen. Guretzat zubiak bi irakurketa horiek dauzka eta horregatik interesa adierazi nahi dugu Irunentzat hain garrantzitsua den hiri hori memoria demokratikoaren gune ofizialki bilakatzeko. Aukera hori Memoriaren Legean jasota dago”.
Zubiaren historia
Etorbidearen zubia duela ehun urte baino gehiago eraiki zen, Irun eta Hendaia arteko komunikazioa hobetzeko. 1936an, askatasunaren bidea bilakatu zen Francoren estatu kolpetik ihesi joan ziren pertsonentzat. Udalak gogorarazi du bertan hasi zela erbesteratu askorentzat “indar frankistengandik ihes egiteko ibilbide luzea”.
Espazio horrek ere “Kataluniako memoriarentzat sinbolismo berezia” duela esan du udalak, bertan entregatu baitzion Gestapok Espainiako poliziari Luis Companys i Jover Errepublika garaian Kataluniako Generalitateko presidente izandakoa.
“Zubi hori, beraz, gure historiaren garai ilunetako baten lekuko da, eta gure herrikideek pairatutako indarkeriaren eta askatasunaren aldeko borrokaren testigantza ematen du. Nire iritziz, Etorkizunaren zubiaren historiak eta sinbolismoak bat egiten dute memoria demokratikoaren guneen definizioarekin. Memoriaren gune izendatuta, Etorkizunaren zubia sufrimendu eta aukeraren topagune gisa geratuko da guztion memorian”, aitortu du alkateak.