Bidasoa Irunek historiako hamabigarren Euskal Kopa irabazi zuen atzo, zortzigarrena jarraian, Getxoko Romo taldea finalean mendean hartuta (35-52).
Bidasoa Irunek historiako hamabigarren Euskal Kopa irabazi zuen atzo Laudion, zortzigarrena jarraian, Getxoko Romo Broker Kirol taldea finalean mendean hartuta (35-52). Iazko finala errepikatu zuten bi taldeek, eta orduan ere bidasoarrak gailendu ziren getxoztarren aurka (27-38).
Bidasoarrek partida hasieratik ezarri zuten aldea markagailuan. Lehen hamar minutuetan lau goleko errenta zuten Jacobo Cuetararen mutilek, eta gutxika abantaila hori handitzen joan ziren. 19-27 islatzen zuen markagailuak atsedenaldian.
Bigarren zatia lehenaren bidetik joan zen. Defentsa onak eta kontraeraso eraginkorrek hogei goleko abantaila izatea ahalbidetu zioten Bidasoari, Euskal Kopa hamabigarrenez Irunera ekarriz (35-52).
Bidasoa Irun datorren igandean, hilak 14, itzuliko da lehiara Asobal Ligako 27. jardunaldian. Irundarrek Katalunian jokatuko dute ligako hirugarren postuan den Fraikin Granollers taldearen aurka, 17:00etan. Liga bukatzeko lau partidaren faltan, Bidasoa Irun sailkapeneko laugarren postuan da, eta Europako postuen lehian iritsi da sasoiaren une erabakigarrira.