Bidasoa ibaiaren bazterra lehengoratzeko lanak, martxan
Abian dira ibaiaren aurrealdea hobetzen jarraitzeko funtsezkoak izango diren bi jarduketa: Vertiz Ford zenaren eraisketa eta ondoko partzelan sortuko den begiratokia.
Irungo Udalak jakinarazi du Bidasoa ibaiaren bazterra lehengoratzeko lanak aurrera doazela. Udal erakundeak adierazi du abian direla Azken Portu parean Juan Thalamas Labandibar kalean ibaiaren aurrealdea hobetzen jarraitzeko “funtsezkoak” izango diren bi jarduketa: Vertiz Ford zenaren eraisketa eta ondoko partzelan sortuko den begiratokia.
Espainiako Gobernua Artiako ubidea birnaturalizatzeko egitekoa den lanekin batera, bi proiektu horiek Bidasoa ibaiaren bazter horretako aurrealdea lehengoratzen bukatzeko balioko dute. Horrela, ondoren egingo diren ingururako aurreikusitako erabilerak kokatzeari ekin ahalko zaio; hau da, oinezkoen ibilbideari eta Azken Portuko bidegorriari jarraipena emanda berdeguneak handitzeari eta, aurrerago, Azken Portu kiroldegia handitzeari.
Bidasoa gaineko begiratokia
Udalak adierazi du, egun, Azken Portu kiroldegiaren eta Juan Thalamas Labandibar kaleko 55 zenbakiaren arteko partzela ez dela erabiltzen, eta, hura antolatzeko, Bidasoa bazterrean begiratoki bat sortzea aurreikusi da. Azken Portuko pasealekuarekin lotuko da, espazio hori hiri bilbean integratzeko eta inguruaren itxura hobetzeko. 110 metro koadroko plataforma bat instalatuko da, oholtza teknologikokoa, 35 metro koadroko sarbidea izango duena.
Multzo osoa inguruko lurretan integratuko dela baietsi du udalak, egungo sestrak ez eraldatzeko. Altzariak jarriko dira, hala nola, bankuak, etzaulkiak, informazio panel bat, zakarrontziak eta bizikletentzako aparkalekuak. Soropila ere landuko da, eta egonlekua eta Azken Portuko pasealekua bereizteko, heskaiz osatutako bi pantaila jarriko dira.
Proiektu horretako aurrekontua 78.733,04 eurokoa da, eta lanak egiteko epea bi hilabete izango ditu 4 Badia Mantentze Zerbitzuak enpresa esleipendunak.
Jarduketa “behin-behinekoa” dela zehaztu du udal erakundeak, Azken Portuko oinezkoen pasealeku eta bidegorriaren bigarren fasea gauzatu bitartekoa. Lehenengo lanen ondoren, hurrengo urratsa zintarria jartzea izango da, eta begiratokiaren plataforma osatuko duen hormigoizko zolagaina eraikiko da.
Vertiz Forden eraisketa
Vertiz Ford zena hiriko beste leku batera aldatzeko lanak bukatuta, abian dira jada eraikina barrualdetik eraisteko obrak, eta, aste batzuen buruan, eraikina kanpoaldetik ere eraisten hasiko direla jakinarazi du udal udalak. Lan horiek egiteko epea lau hilabetekoa da, eta 99.035,73 euroko aurrekontua dute. Tximistxharri SL da enpresa esleipenduna.