Auzo bideetako 48 puntu egokitzeko lanak, martxan
Gornutz, Akartegi, Zimizarga, Arkolla eta Jaitzubia inguruko bideen alboak garbitzen eta egokitzen hasi dira, "erabiltzaileen segurtasuna areagotzeko asmoz".
Herriko auzo bideetako 48 puntu ezberdin egokitzeko lanak hasi berri ditu Hondarribiko Udalak. Lanen gaineko xehetasunak eman dituzte gaur Juan Luis Silanes eta Gonzalo Carrion zinegotziek. Lanen zati handi bat bideen alboak garbitzea izaten ari dela azaldu dute biek, “erabiltzaileen segurtasuna areagotzeko asmoz”. Campezo enpresaren esku daude obrak.
Gornutz, Akartegi, Zimizarga, Arkolla eta Jaitzubia inguruan ari dira lanean. Ekainaren erdirako lanak bukatzea aurreikusi du udalak. Guztira, 3.000 metro lineal konponduko dituzte.
Bide batzuk asfaltoarekin egokituko dituztela azaldu dute gaurko agerraldian, eta besteak aldiz, hormigoiarekin. Honez gain, bide bazterrak garbitu eta zenbait puntutan bideak zertxobait zabalduko dituzte.
Lanetarako ia 400.000 euroko inbertsioa egingo dute.