Moto gidari bat hil da Irunen
Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, hildakoak motoa gidatzen zuen eta ibilgailuaren kontrola galduta errepidetik atera zen. Ikertzen ari dira ezbeharra.
Moto gidari bat hil da bart gauean Irunen. Irungo Udaletik jakinarazi dutenez, patruila lanean ari zen udaltzaingoaren auto batek lurrean etzanda zen pertsona bat topatu zuen kolpatutako moto baten ondoan, Plaiaundi parkeko sarreratik gertu, Irungo Pierre Loti pasealekuan.
Udalak azaldu duenez, emergentzia zerbitzuak bertaratu ziren eta suspertzen saiatu baziren ere, minutu gutxira hil zen moto gidaria. Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, hildakoak motoa gidatzen zuen eta ibilgailuaren kontrola galduta errepidetik atera zen. Ikertzen ari dira ezbeharra.