[Erreportajea] Paralizatzea, bulebarraren mesedetan?
Pasai Antxoko Bulebarraren Aldeko Plataformak lau urte bete ditu barrutian pasealeku berri bat lortzeko lanetan. Badirudi geltokia eraberritzeko lanak etenda daudela, eta «itxaropentsu» ditu horrek.
Datozen egunotan lau urte beteko ditu Pasai Antxoko Bulebarraren Aldeko Plataformak (PABAP aurrerantzean) udalerriko Adifen tren geltokia herritarren probetxurako birmoldatzeko eskaera defendatuz. Taldea sortzeko abiapuntua Izaskun Gomez Pasaiako alkatearen iragarpen bat izan zen: Adifek Antxoko tren geltokia berrituko zuela ziurtatu zuen udalburuak, eta obra horrekin antxotarrentzako bulebar bat sor zitekeela ikusi zuten orduan taldekideek.
Hitz gutxitan azalduta: burdinbide eremua murriztea nahi dute, «apenas erabilerarik ez» duten eta «etorkizunean, are eta gutxiago erabiliko diren» trenen bide batzuk ezabatu eta lorturiko espazio hori Antxo handitzeko erabiltzea. Nola? Bada, tren geltokia bera porturantz gerturatu eta gaur Nafarroa etorbidea dena zabalduz, errepide nagusia etxebizitzetatik aldendu eta bertan bidegorri berria, berdeguneak, paseorako espazioa, errepidetik kanpo kokatuko litzatekeen autobus geltokia… alegia, 13.000 metro koadro erabilgarriko bulebar berria sortuz. Alboko infografian ikus daiteke berreskuratutako espazioa zer-nolakoa litzatekeen, zirriborroan.
Bestelako hitzak erabili ditu Eduardo Perez taldekide antxotarrak: «Helburua Adifen Pasaiako tren geltoki berria eraikitzeko proiektua probestea da, erabilerarik ez duten bertako azpiegitura eta burdinbideak ezabatuz, geltokiak okupatzen duen espazioa txikitu eta leku hori N-1 zaharrean inbertitzeko».
Argi esan du Florencio Morok, saiakera horren beste birikak, proiektua ez dela euren «burutapen ero» bat. Ofizioz delineatzailea da Perez, eta beraz, obra hori, xehetasunak gora-behera, egingarria denaren zalantzarik ez dute. Are, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plan Partzialean zonalde hori berritzeko jasota dagoen helburu bat da eurena. Hala izanda ere, bidean oztopoak besterik jarri ez dizkietela salatu dute bai Perezek eta baita Morok ere: «Proiektua ez da bultzatzen ari, eta are larriagoa dena, zonalde horretarako aurreikusitako proiektuek guztiz deuseztatu lezakete iniziatiba».
Herriko udal gobernuak (PSE-EE eta EAJrena) eta, bereziki, Izaskun Gomez alkateak, «entzungor egin» izanagatik, harago jotzea erabaki zuen aspaldi PABAPak. Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunekin izan dira, eta bilerak eduki dituzte Madrilgo Diputatuen Kongresuko Gipuzkoako ordezkari guztiekin, batekin izan ezik: Odon Elortzak (PSE-EE) ezezkoa eman zien. «Alderdi guztiek helburu hau lortzeko babesa adierazi digute, korporazio sozialistak izan ezik», Perezek.
Alderdi hori da, gaur-gaurkoz, Azpiegitura eta Lurralde Plangintzako departamentu guztiak zuzentzen dituena, eta beraz, «ibilbide osoan zehar bizkarra eman» izana oztopo handia izan zaiela gaitzetsi dute antxotarrek. Bidean itxita zegoen tamaina desberdineko ate beraren kontra jo dute behin eta berriro: «Pasaiako udal gobernutik hasi, aldundiko Lurralde Plangintza Departamentutik pasa, eta Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Lurralde Plangintza Sailera arte».
Politikari gehienek PABAPen asmoak goretsi izan badituzte ere, eman izan dizkieten erantzunak «anbiguoak» izan direla aitortu dute herri mugimendukoek. «Askok aipatzen dute portuaren proiektu bat badela hor, zeinak geltokiaren etorkizuna baldintza lezakeen. Batzuek diote proiektu hori idazketa prozesuan dagoela; besteek, berriz, idatzita eta onartzeko zain dagoela… Auskalo».
Etenunea, edo hausnartzeko unea?
Orain dela lau urte, alkateak geltokia berritzeko proiektuaren berri eman zuenean, Gomezek ziurtatu zuen Adifek 3 milioi euro inbertituko zituela Renfeko geltokia zaharberritu eta irisgarritasun arautegira egokitzeko lanetan. «Geroago jakin genuen hiru milioi horiek bi zirela egiaz, Espainiako Aurrekontu Orokorrak helarazi baitzizkiguten Madrildik», zehaztu du Perezek.
Azpiegitura berrirako proiektua idatzi zen, baina, Espainiako arduradun politikoek PABAPari esandakoaren arabera, lurzoruan «zenbait arazo» antzeman zituzten, eta lanekin aurrera egin ahal izateko azterlan geotekniko bat enkargatu zuten. Horrek, ezinbestean, obrak atzeratuko zituen. «Dena birplanteatu behar zuten».
2022ko Espainiako Aurrekontu Orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa esleitu zioten Pasaiako tren geltokiari. Inbertsio hori bi urtean egiteko plana jaso zuten, eta beraz, urte horretan aurrekontu osoaren 300.000 euro erabiliko zituzten aipatutako ikerketa geoteknikoa egiteko, eta asmoa zen 2023an erabiltzea gainontzeko 1,7 milioiak, lanekin hasi eta bukatzeko. Hala zegoen jasota, esan bezala, 2022ko Espainiako Aurrekontu Orokorretan.
Hurrengo urteko zifrek, ordea, bestelako errealitatea islatu zuten. Aurrekontu beraren 2023rako bertsioan «Pasaiako geltokiaren egokitzapena» titulupean 60.000 euro besterik ez daude.
«Zifra hori gure aldekoa da, argi eta garbi erakusten baitu proiektua paralizatuta dagoela», mintzatu da Perez. Taldekideak euren hipotesiaren berri eman du: «60.000 horiek sinbolikoak dirudite, nolabait demostratzeko proiektua ez dela desagertu. Agian, guk behintzat hala pentsatu nahi dugu [barrez], Madrilen hausnartzen ari dira gure proposamena, eta beharbada guk proposatzen genuena egiten ari dira. Alegia, zaharberritze lanak atzeratzea bulebarraren aldeko bermeak izan arte».
Gaur arte jarri izan dieten oztopo nagusia izan da burdinbideak portuari lotzeko asmoa dagoela, eta plan horiek baldintza lezaketela bulebarra sortzeko aukera. «Ez dugu uste bata eta bestea bateragarriak ez direnik», Moro, «aurreikusita dauden proiektu guztiek murrizten dute, modu batean edo bestean, Pasaiako geltokiaren tren trafikoa. Sei burdinbide daude orain; horiek guztiak ez dituzte beharko, inolaz ere». Batekin aski dutela uste du Perezek, «asko jota utz ditzatela hiru, baina gainontzekoak kendu eta espazio hori antxotarrentzat izan dadila».
Borondate kontua
«Alkateak dio bere lehentasuna geltoki berria izatea dela, honek ez baititu irisgarritasun bermeak», mintzatu dira. Uste dute udalburuak irisgarritasuna gainjarri izan duela gaur arte zentzu guztietan, kontuan hartu gabe aukera biak (geltoki irisgarri eta berria, eta bulebarra) bateragarriak direla. Moro: «Alkateak asko errepikatzen du, aukera perfektuaren eta aukera egingarriaren artean, nahiago duela egingarria dena. Horrela, bide errazena hartu eta besterik kontuan hartu gabe jotzen dute aurrera».
Sinetsita daude borondate kontua dela herri proposamena aurrera ateratzea, baina jakin badakite borondate hori gertukoen duten ordezkaritzatik jaio behar dela: Pasaiako Udaletik. «Uste dugu alkateari ustel atera zaizkiola zituen planak, orain dela lau urte obra iragarri zuenean sinetsita baitzegoen legegintzaldi honetan jarriko zuela medailatxoa, baina badirudi ezetz», delineatzaileak.
Lanen paralizatzea herritarren mesedetan probesteko eskatu diote berriro, beranduegi izan baino lehen: «Izan ere, geltoki berria eraikitzen baduzu gaur egun dagoenaren tokian, nola demontre lekualdatuko duzu urte batzuk barru porturantz? Hori erabat pentsaezina da. Aurretik hartu behar da bi lanak bateragarri egiteko erabakia».
Erabaki hori udal gobernuak irmo hartu eta PABAParen indarra horren alde egiteko probestu dezala errepikatu diote egungo alkatetzari, «edo hauteskundeen ondoren datorrenari: elkar gaitezen antxotarren alde».