[Erreportajea] Beste 30 urtez Ipar eta Hego Euskal Herria lotzeko prest
Hondarribiko ontziak hiru hamarkada beteko ditu aurten. 30 urte horietan herriari «asko» eman diola aitortu du Jolaski enpresa sortu zuenak, eta «balio erantsia» ematen jarraitzen duela.
1993tik, ia egunero, herritarrei zerbitzu eman die Hondarribiko barkuak. Ipar eta Hego Euskal Herria lotzen dituen garraio honek 30 kandela itzaliko ditu uda honetan. Pandemiaren olatuak hondoratzeko arrisku larria ekarri bazion ere, egoerari bira eman dio Jolaski enpresak. Une gozoa bizi duela aitortu du Imanol Garmendia enpresako sortzaileak.
Bi euroren truke, Hondarribitik Hendaiara (edo alderantziz) joateko aukera ematen du ontziak, egunero, 15 minutuero. «Aire zabalean, itsasoz, naturaz eta animaliez inguraturik lan egitea ederra da», aitortu du Garmendiak. Bidaia motzak badiaren «ikuspuntu ezberdin bat» eskaintzen duela erantsi du, «oso interesgarria, eta bakarra».
1993an atera zen lehenengoz Hondarribiko portutik. Ordutik herrira «aldaketa handia» ekarri duela aitortu du, «asko» eman diola dio. «Ontziak sortzen duen balioa oso handia da. Alde batetik bestera mugitzeko aukera ematen dugu, eta horrek onurak dakartza herriko merkatari eta ostalarientzat. Balio erantsia ematen die bi herriei».
Eguraldiak bidaiaren kopurua zeharo baldintzatzen duela azaldu du Garmendiak, Aste Santua eta uda izan ohi dela garai onena haientzat. «Udan 1.000 bat lagunek erabiltzen dute egunero, eta neguko egun txarrenetan oso gutxik erabiltzen dute». Aste Santua azken urteetako onena izan dela dio, pozik. «Jende asko mugitu da, zorionez».
Alternatiba onena
Herri batetik bestera joateko garraio onena dela argi du Garmendiak. «Alternatiba onena da, erosoena eta eraginkorrena. Autoz egin beharreko desplazamendu asko aurrezten ditu ontziak. Pentsa, lerro zuzenean bertan dugu Hendaia baina bestela, 10 kilometroko bidea egin behar da», erantsi du hondarribiarrak.
15 minutuero abiatzen den ontzitxoa ez da Jolaskik eskaintzen duen zerbitzu bakarra. Besteak beste, marinel zerbitzuak, naturari zein kulturari lotutako ekintzak eta bisita gidatuak ere antolatzen dituzte. Horien gaineko informazio gehiago jaso nahi dutenek webgune honetan sartu edo 639 61 78 98 telefono zenbakira dei dezakete.