Bidasoa pasealekuko aparkalekuko topeak beheratzeko eskatu du PSE-EEk
Bidasoa pasealekuan egin berri dituzten lanekin kezkati agertu dira sozialistak. Herritar batek 300 euroko matxura izan duela salatu dute.

Bidasoa pasealekuan egin berri dituzten lanekin kezkati agertu da PSE-EE taldea. Bertako aparkalekuetan jarri dituzten topeak altuak direla salatu dute, eta zenbait herritarrek jada arazoak izan dituztela horiekin.
Joan den astean kezka helarazi zioten udal gobernuari, eta udalak tope horiek “behin behinekoak” direla argudiatu zuela diote, pasealekuko lanak osorik bukatu arte.
Herritar bat sozialistekin harremanetan jarri dela dio taldeak, eta tope horiekin talka egin ondoren, 300 euroko matxura ordaindu behar izan du. Gertaera honen harira udal gobernuarekin jarri dira harremanetan berriro, eta tope horien altuera jaisteko aurrekontua eskatu dutela jakinarazi diete.