Garraio publikoan aurrerapausoak ematen jarraitzea aldarrikatu du EH Bilduk
Irungo koalizio abertzaleak "modu positiboan" baloratu ditu Irunbus zerbitzuetan egingo diren aldaketak, baina biharko udalbatzan aurrerapauso gehiago eskatuko dituztela esan dute.
Irungo EH Bilduk adierazi du “modu positiboan” baloratu dituztela Irunbus zerbitzuetan egingo diren aldaketak. Legegintzaldian “askotan” eskatu ondoren, aurrekontuetan diru partida bat onartzea lortu zutela esan du koalizio abertzaleak, eta Gautxoriaren maiztasuna aurrerantzean ordu erdikoa izango dela jakinarazi dute.
Dena den, biharko udalbatzan onartuko diren neurriekin batera, “Irungo garraio publikoa hobetzeko aurrerapauso gehiago” aldarrikatuko dituztela aurreratu du koalizioak: “EH Bildutik Bidasoko eskualdean garraio publiko azkarra eta eraginkorra bermatu nahi dugu, eskualdeko autobus sare hobetuz”. Hona hemen EH Bilduk helarazitako proposamenak:
- Irungo zein Bidasoko autobus linea guztien ordutegiak eta ibilbideak aztertu eta birdefinitu, intermodalitatea ahalbidetzeko.
- Irunbuseko zerbitzuen maiztasunak handitzea, autobus linea guztiek 15 minutuero zerbitzua eman dezaten.
- Lehentasunez autobusentzako bideak aurreikusi.
- Irun ospitale eta industrialdeekin lotuko duten linea berriak ezarri.