Asfaltatze lanak egingo dituzte Sarasate kalean
Sarasate kaleko jarduketak direla eta, zirkulazioan aldaketak egongo dira gaurtik maiatzaren 3ra bitartean.
Irungo Udaleko Obra arloak jakinarazi du datozen egunetan Sarasate kalean asfaltatze lanak egingo direla. Zehazki, kalezuloaren eta Eskoleta kalearen artean egingo dira jarduketa horiek, inguruan etxebizitza berriak eraikitzeko obren esparruan.
Lanak direla eta, Sarasate kaleko zirkulazioa etengo dela adierazi du udalak. Hauek dira zirkulazioan egingo diren aldaketak:
- Apirilak 27, osteguna: Bidea itxiko da, tapak goratzeko eta ertzak fresatzeko. Gauez ere bidea itxita egongo da, tapak altxatzeagatik eta fresatzen diren lekuetan zuloak izateagatik istripurik ez izateko.
- Apirilak 28, ostirala: Arratsaldean irekiko da bidea, goizean asfaltatze lanak egingo baitira.
- Apirilak 29tik maiatzaren 1era: Bidea normaltasunez irekita egongo da.
- Maiatzak 2, asteartea: Bidea berriro itxiko da, asfaltoa inprimatzeko lanak egiteko. Gauez ere bidea itxita egongo da, behin inprimatuta asfaltoan jartzen den babes geruza lehortzeko.
- Maiatzak 3, asteazkena: Goizaren erdialdean zabalduko da bidea.
Edonola ere, aurreikusitako programazio hori betetzea eguraldiaren araberakoa izango dela iragarri du udalak.
Saihesbidea, Francisco de Gainza kalea
Sarasate kaleko 3, 4, 5, 6 eta 8 zenbakietan bizi diren bizilagunak Francisco de Gainza kaletik sartu ahal izango direla zehaztu du udal erakundeak. Zenbaki horien arteko kale zatia kale itsua izango da, eta bi noranzkoetan zirkulatu ahal izango dela aurreratu du udalak.