Aiamendi Gimnasia Erritmikoa Klubak Artalekun leku gehiago eskatu du
Ordutegia zabaltzeko espazio gehiago eskatu du klubak. Esaterako, maila altuetako kirolariek gehiago entrenatu ahal izan dezaten.
Aiamendi Gimnasia Erritmikoa Klubeko haurren gurasoek salatu dute entrenamenduak egiteko espazio publikorik ez dutela eta Artalekun ordu gehiagoz entrenatzeko eskaera egin dute. “Klubeko ikasleek bizi duten egoera prekarioa salatu nahi ditugu eta bide batez konponbide bat eskatzen dugu”.
Klubak deitoratu du 20 urte daramatzatela udalari eskaerak egiten eta gaur gaurkoz ez dutela erantzunik jaso. “Urteak daramatzagu kirol-instalazio egokiak eskatuz Aiamendi klubeko gimnastek entrenatzeko aukera izan dezaten, hiriko beste klub batzuek egiten duten bezala”.
Gaur egun Irungo Udalak diru laguntza ematen dio Aiamendiri Artalekuko pista erabiltzeko eta klubaren ordutegia astelehenetan, 17:30etatik 19:30etara, eta asteazkenetan 16:30etatik 19:30etara da, “baina ez da nahikoa”.
Kluba hazten ari direla diote eta, hartara, ordutegia zabaltzeko “premia” erakutsi dute, “gimnastek behar duten arreta jasotzeko”. Izan ere, egun duten instalakuntzekin maila handiagoko kategorietara sarbidea oso zaila dute ikasleek, “federatuek maizago entrenatu behar dutelako”. Ordutegiak ezin zabaltzeak entrenamendu egunak ezin luzatzeak eragin die ere.
Hirian modalitate bereko taldeek astean zehar 5 egunetan entrenatzeko aukera dutela azaldu du Aiamendik eta baliabidea erabiltzeko baldintzen desoreka “bidegabea” iruditzen zaie. “Ez al ditugu eskubide eta aukera berdinak merezi?”.
Udalak “entzungor” egin dien urteetan Artiako trinketea erabili dutela gogoratu dute, “nahiz eta egoera txarrean egon”. Salatu dute instalazio horiek konpondu ondoren espazio horretan entrenatzeko aukera “ukatu” egin zitzaiela.
Baldintza “prekarioarekin” bukatzeko bi proposamen egin dituzte: Irunesa Gimnasia Erritmika Klubarekin partekatutako espazio bat nahi dute edota Artaleku kiroldegiak kudeatzen duen pilotalekua erabili izatea eskatu dute.
Halaber, astelehen eta asteazkenetan, beste ordu eta erdiko tartea behar dutela adierazi dute, “Artalekuko A aretoa erabiltzeko kategoria baxuetako gimnastak entrenatzeko”.
Entrenatzeko lekuak gutxieneko altuera bat behar duela azaldu dute gimnasia erritmikoak behar dituen aparatuak erabiltzeko, hala nola, uztaiak, sokak, mazoak… Era berean, tapiza gordetzeko leku finko bat behar dute, batetik bestera mugitzea ez delako erraza.
Zehaztu dute kategoria baxuetako gimnastak entrenatzeko ez dutela behar altuera jakin bateko espaziorik, baina ostiraletako entrenamenduetarako, berriz, bai.