Aduna Zaharra hezkuntza publikoarentzat izatea proposatu du Elkarrekin-Podemos-IU-k
Behobiako hizkuntza eskola lekualdatzea edota EHU eta UNED unibertsitateei espazio eskaintzea proposatu dute, besteak beste.
Aduana Zaharra eraikina erosiko zuela iragarri zuen Irungo Udalak otsailean 1,6 milioi euroren truke. Gaur, berriz, David Nuño, Elkarrekin-Podemoseko alkategaiak eraikina hezkuntza publikoaren erabilerarako izateko proposamena egin du.
Elkarrekin-Podemosek “goi mailako formakuntza zikloetako hainbat erakundek beren prestakuntza gauzatzeko behar duten espazioa” izan dadin nahi du. Ekipamendu modernoa izango luke eta horiek definitu beharko liratekeela azaldu dute, “dagozkien erakundeekin elkarrizketa-bide bat irekiz”.
Hezkuntza erakunde ezberdinak bertan egotea da Elkarrekin-IU taldearen asmoa, hala nola, EHU, UNED edota Behobiako Hizkuntza Eskola lekuz aldatzea ere proposatu dute.
Era berean, Bidasoa bizirik bertan koka daitekeela diote, eta baliabidez hornitu, “startup teknologikoen inkubagailu publiko bat eskaintzeko, coworking eremuetarako, komunikazio- eta bilera-eremuetarako espazio egokiekin”.
Aduana Zaharraren etorkizuna “erreala” dela adierazi du hautagaiak, izan ere, Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro emango dizkie eraikina eraberritu ahal izateko. “Nahiz eta anbizio handikoa izan proiektu hau erreala da, duela gutxi publiko egin diren beste proiektuen aurrean”.
Hartara, “inbertsio publiko handia” egingo denez “erantzuna zerbitzu publikoetatik” eman behar dela dio Nuñok, “inbertsio hori ez izateko soilik enpresa pribatuentzako negozioa”. Era horretan, herritarrek “Irun handiagoa egin dezaten, hobeagoa eta anbizio handiagokoa”.