"HAPO onartzeko prozesuarekin aurrera jarraitzeko erabakia arduratsua da"
Oposizioko Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu taldeen eskaerari erantzun dio gaur Txomin Sagarzazu alkateak. Udal gobernuaren erabakia "arduratsua" dela uste duten arren, udal batzordea eta osoko bilkura astebetez atzeratzea proposatu dute.
Joan den astean oposizioko Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu taldeek HAPOren onarpen dokumentuari buruzko osoko bilkura atzeratzea eskatu zioten udal gobernuari, argudiatuz onarpen prozesua “irizpide tekniko eta helburuetan” oinarritu behar dela, eta “ez egokitasun politikoko irizpideetan”.
Bada, gaur bertan Txomin Sagarzazu alkateak hiru taldeei erantzun die. Lehenik, HAPOaren hasierako onarpena proposatzea “erabaki arduratsua” dela esan du, “herritarren beharretan oinarritzen” baita haren ustez. “HAPOren izapidetze luzearekin aurrera egitea ez dator bat interes politikoekin, eta ez da oportunista. Erabaki arduratsua da, eta helburu bakarra du: hiriaren garapenarekin aurrera egitea eta herritarren beharrei arin erantzutea. Dokumentuaren talde erredaktorearen lan etengabekoa eta oso ona izaten ari da, eta gure ardura du aurrera egitea”, esan du alkateak gaurko agerraldian.
Alderdi guztiek dokumentazioa martxoaren 31tik dutela erantsi du Sagarzazuk, eta “lau asteetan dokumentua azter daitekeela” uste du.
Bi “lan saio luze” egin dituztela esan du gaurko agerraldian, eta udal arkitektoak edukiaren zati handi bat xehetu duela. “Oposizioko hiru taldeek banakako bilerak eskaini dizkiegu ideiak kontrastatzeko. Eta berriro gogorarazi nahi dugu hasierako onarpenera eramango dugun edukiaren zati handi bat aski ezaguna dela talde politikoentzat eta gizarte eragileentzat, aurrerapen fasean jendaurrean azaldu baitzen”. Proposamenak eta iradokizunak jaso dituztela dio, eta guztiei erantzun zietela, eta horietako batzuk egungo dokumentuan sartu dituztela.
Astebetez atzeratzea
Oposizioko alderdien eskaerari erantzunez, onartzeko saioak astebetez atzeratzea proposatu du udal gobernuak, batzordea maiatzaren 4an eta osoko bilkura 11n geratuz.
HAPOren hasierako onarpena “beste urrats bat besterik ez” dela erantsi du alkateak. Udalbatzak onartu ondoren, jendaurrean jartzeko fasean sartuko da udala. Honetan, herritarrek alegazioak egiteko aukera izango dute, eta udalak guztiei erantzungo diela esan du. Plan Orokorra idazteko prozesua “behar bezala” egiten ari direla dio.
“Plan Orokorra onartzeko prozesuan urratsak ematen jarraitzea funtsezkoa da hainbat arlo garrantzitsutan aurrera egin ahal izateko. Ekainean korporazio berri batek horrekin jarraitu beharko du, baina iruditzen zaigu jada oinarri bat izatea herritarrentzat hain garrantzitsuak diren aipatutako proiektuetan aurrera egin ahal izateko”, esan du azkenik alkateak.
Hondarribia horrelako erabaki bat hauteskunde aurreko garaian proposatu duen lehen udala ez dela erantsi du Sagarzazuk. “Beste udal batzuek egin dute azken urteotan, eta orain Hondarribian egiteari uko egiten dioten indar politikoek gobernatzen zuten”.