Zazpigarrenez Irun Aurrera bonuak martxan
Bihar hasiko da bonuen kanpaina berria eta guztira 17.500 bonu aterako dituzte saltoki eta establezimenduetan erabiltzeko.
Konfinamendu ondorengo testuinguru ekonomikoan sortu zituen Irungo Udalak Irun Aurrera deituriko bonuak eta helburua hiriko saltokien eta ostalaritzaren alde egitea izan zen, baita ere pandemiak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egitea.
Bada, gaurkoan Miguel Angel Paez Hiri Bultzadako ordezkariak azaldu du bonuen zazpigarren edizio bat martxan jarriko dutela bihartik aurrera.
Beste edizioetako funtzionamenduari eutsi diote, hau da, 30 euroko erosketa bakoitzeko, udalak 10 euro jarriko ditu. Ostalaritzaren kasuan 20 euroko kontsumo bakoitzeko jarriko ditu udalak 10 euro.
Bonuak erabiltzeko establezimenduan nahi hori adierazi behar da eta NAN zenbakia eman. Gero, aplikazio informatiko batek irundar bakoitzak erabil ditzakeen 10 bonuak ea erabili diren zenbatuko ditu. Aldi berean, hirian zenbat bonu geratzen diren kontatzen ariko da kontagailua.
Zazpigarren edizio honetan 17.500 bonu aterako dituzte. Establezimenduek doan parte hartu ahalko dute, eta udalaren webgunean argitaratuko da kanpainarekin bat egiten duten saltokien eta taberna eta jatetxeen zerrenda.