Parte hartze handia Irun 5K milia lasterketetan
Eguraldia lagun izan ez bazuten ere, korrikalari askok hartu zuten parte milia egokituko bi lasterketetan eta ttipi-ttapa ibilaldian. Bitxikeria bezala, 65 urtetik gorakoen mailako errekor berria ezarri zen atzo Irunen.
Irun 5K Salto milia lasterketak egin ziren atzo Irunen. Eguraldia lagun izan ez bazuten ere, parte hartze handia izan zuten milia egokituko bi lasterketek eta ttipi-ttapa ibilaldiak.
Goiza ttipi-ttapa ibilaldiarekin hasi zen. 30 beterano inguruk hartu zuten parte zirkuituari bi bira emateko. Partaide horien artean zegoen Maria, 94 urteko emakumea. “Bizitasun” adibide dela esan du Bidasoa Atletiko Taldeak. Ibilaldia hastearekin batera hasi zen euria, eta goiz osoan zehar gelditu ez zela esan dute antolatzaileek atsekabez, herritarren parte hartzea gutxituz.
Hogei minutu baino gehiagoko lasterketan parte hartu zuten 133 korrikalarietatik, Joritz Cabanillas eta Lourdes Colomo izan ziren azkarrenak, 18:43 eta 20:03 minutuko denborekin, hurrenez hurren. Gizonetan Joseba Altubek (18:49) eta Javier Guzmanek (19:06) osatu zuten podiuma. Emakumeetan, aldiz, Sonia Zianik (20:13) eta Carmen Martinek (20:53) lagundu zuten Lourdes Colomo podiumean.
Lasterketa azkarrean, berriz, 71 parte hartzaileetatik, Pierre Urruty eta Betty Urruty nagusitu ziren, 15:12 eta 17:20 minutuko denborekin, hurrenez hurren. Gizonetan Ander Garin sailkatu zen bigarren postuan (15:15) eta Unai Ibarra hirugarrenean (15:18). Emakumeetan, berriz, Bidasoa Atletiko Taldeko Ane Zabala izan zen bigarren (18:07) eta Itxaso Escondrillasek osatu zuen podiuma.
Lasterketa azkarrak bitxikeria bat izan zuela esan dute antolatzaileek, Cesar Perez parte hartzaileak 65 urtetik gorako Espainiako errekorra hautsi baitzuen Irunen, 18:17 minutuko denborarekin.