Manifestazioa deitu du Osasun Bidasoak Irunen maiatzaren 6erako
Osasun sistema publikoko arretaren "narriadura progresiboa" salatzera deitu dituzte herritarrak. "Berehalako konponbide sinesgarriak" eskatuko dituzte.
Bidasoko eta Bortzirietako herritarrei dei egin die Osasun Bidasoa plataformak maiatzaren 6ean Irungo kaleetara irteteko. Manifestazioa San Juan plazatik abiatuko da, 18:30ean, eta osasun arazoei “berehalako konponbide sinesgarriak” ematea eskatuko dute.
Mobilizazio asko egin ditu dagoeneko plataformak, azkena atzo Donostian egin zen manifestaziora atxikitzea izan zen. Dena den, plataformak dio egiaztatu egin dutela “osasun administrazioak elkarrizketarako inolako borondaterik duenik arazo horiei epe labur eta ertainean irtenbideak bilatzeko”.
Osasun arretaren “narriadura progresioa” dela salatu dute manifestazioaren deialdi agerraldian, eta berriz heldu diote Irungo anbulatorioetako egoera hobetzeko proposamenak mahai gaineratzeari baita ere ospitaleko ebakuntza gelak hobetzeko planteamenduari.
Horrez gain, erreklamazioak egin dituzte. Lehenik, osasun sailburuari eskatu diote “profesionalekin, tokiko erakundeekin eta herritarren ordezkariekin elkarrizketatzeko konpromisoa betetzea”. Plataformak argudiatu du elkarrizketa ahalbidetuz “egoera hobetu” egingo litzatekeela, “errealitatea ezagututa”.
Era berean, inbertsio ekonomikoa egitea galdegin dute “kalitatezko arreta ahalbidetuko duen osasun azpiegituretan”. Hartara, Bidasoa ospitalean eraikin erantsi baten alde daude, hirugarren anbulatorio bat Oinaurren eraikitzea nahi dute, eta Irun erdialdeko eta Dunboako anbulatorioetako antolaketa birmoldatzea eskatu dute.
Bestetik, osasun arloko profesional gehiago “baldintza duinetan” kontratatzea eskatu du plataformak, “kontratu egonkorrekin, eta lanpostu hutsak eta absentziak betetzea, lan-karga onargarria izan dadin”.
Aipatu duten azken erreklamazioa itxaron zerrendak murrizteari dagokio: “Espezialistekin kontsultetarako eta proba osagarrietarako itxaron zerrendak murriztea eskatzen dugu. Premiazkoak ez direnak 60 eguneko epea eta lehentasunezkoak 15 eguneko epea ez lukete inola ere gainditu behar”.