Maddalen Iriarte Irungo merkatari elkarteekin elkartu da
Ahaldun nagusi izateko hautagaiak tokiko merkataritzaren sustapenerako zuzendaritza sortzera konprometitu da. Oihana Brionesek, berriz, Irunentzat merkataritza plan berri bat aldarrikatu du.
Joan den ostiralean Irungo merkatariekin bilera egin zuten Irungo EH Bilduko alkategai Oihana Brionesek eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak. Mugan eta Bidashop elkartetako ordezkariak izan ziren mahaiaren bueltan, Irungo merkataritza eta ostalaritzaren egoeraz hitz egiteko.
Merkataritza plan berri baten alde daudela adierazi zuen Brionesek, “iraganean izandako erreferentzialtasuna galdu du Irungo merkataritzat eta hau berreskuratzeko udalak eskua hartu behar du”.
Planarekin egungo merkataritzaren diagnosia egin nahi dute eta Irungo merkataritza inguru nagusietan “interbentzio espezifikoak” bultzatu nahi dituzte: “Lokal hutsen eraberritze programa, establezimenduen eraldaketa, komertzio historikoen zigilua, irisgarritasuna, edota dinamizaziorako programa baten diseinua”.
Auzoetako merkatari txikienei begira ere jarri zen Briones eta haiei zuzendutako programa zehatz bat proposatu du koalizio abertzaleak “auzoetako kontsumoa suspertzeko”.
Iriarte begirada integral batetik eusteaz aritu zen eta “aldundian tokiko merkataritza modu berezitu batean lantzeko konpromisoa” adierazi zuen. Irunen eta Gipuzkoan merkataritzak herriak “ehundu” egiten dituela baieztatu zuen ahaldun nagusirako hautagaiak, “kaleetako bizitza ere bermatzen duena”.
Azkenik, Gipuzkoako Aldundiaren organigraman tokiko merkataritzaren sustapenerako zuzendaritza sortzeko konpromisoa hartu du Iriartek.