Bidasoa LHII-ko Ikasle Ohien Elkartea aurkeztuko dute bihar
2019an sortutako taldea aurkeztuko dute bihar jendaurrean, 18:00etan, Ficoban. Elkartearen helburuak eta eratu duten webgunea aurkeztuko dituzte.
2019ko abenduan Bidasoa LHII ikastetxeko Ikasle Ohien Elkartea sortu zen. Ordutik, taldea jendaurrean aurkezteko helburuarekin lanean aritu direla baietsi dute kideek, eta aurkezpen horrek data du dagoeneko, bihar, hilak 25, egingo baitute taldearen aurkezpen ekitaldi ofiziala Ficoban, 18:00etan.
Ekitaldi horretan, elkartearen etorkizuneko helburuak aurkezteaz gain, sortu duten webgunea ere aurkeztuko dute. Eratu duten webgunean “garrantzia handiko” atal bat sortu dutela jakinarazi dute: ‘Ibilbide bereziak’ izenekoa. Atal hori ikastetxetik igaro diren, ibilbide profesionalean nabarmendu diren, erreferente eta eredu bihurtu diren eta Lanbide Heziketari balioa eman dioten pertsonak “aintzatestera” bideratua dagoela adierazi dute. Adibide gisa, enpresa garrantzitsuak sortzera, produktuak patentatzera edota beste esparru batzuetan nabarmentzera iritsi diren 40 ikasle ohiren ibilbideak aurkezten direla nabarmendu dute elkarteko kideek.
Biharko ekitaldian Jose Antonio Santano alkatea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzako arduradunak, hezkuntzarekin zerikusia duten pertsonak eta enpresa munduko ordezkariak ere Ficoban izango direla iragarri dute.
Ikasle Ohien Elkarteak ikastetxeari “balioa eman” nahi diola zehaztu du, eta hemendik aurrera “esperientziak partekatzeko eta jarduerak garatzeko foroa” izatea nahi dutela esan dute.