Aurrekontuetan 4,7 milioi gehitzea bozkatuko dute ostiraleko plenoan
Junkal elizako kanpandorrea egokitu nahi dute turistentzako edota hobekuntzak egin nahi dituzte ekipamendu publikoetan, besteak beste.
Gaur jakinarazi du Miguel Angel Paez Ogasun ordezkariak 4.753.007 euro 2023ko aurrekontuari gehitzeko proposamena eramango duela udal gobernuak ostiral honetan egingo den plenora.
Paezek azaldu du 2022an “soberakin positiboa egiaztatu” dutela eta, beraz, 5 milioi euro inguruko hazkundea egin nahi dute aurrekontuetan.
Aurrekontuen barnean hainbat kontzeptutan banatu dute 4,7 milioi euroko dirua, hala nola, ekipamendu publikoetan hobekuntzak egiteko kontzeptuan; Luis Mariano gizarte-etxean; San Martzial ermitan; Ugalde-Kateko eta Ducoureauko futbol-zelaietan; eta Eihera plazako eta Elizatxo etorbideko lurzoru publikoan jarduketen atalean.
Aurrekontua handitzearekin “oinarrizko zerbitzu publikoetako kontratuak indartzea, aurreikusitako hirigintza garapenetan urrats berriak egitea eta baita ere hiriko kultura eta turismo eskaintzan berrikuntza bereziak” egin nahi dituzte.
Kontratu publikoei dagokienez horiek “indartu” egingo dituztela adierazi du udal ordezkariak “indartu egingo dira kiroldegien, autobusen, haurtxokoen eta jai eta ekitaldietarako anbulantzien zerbitzuak”.
Horrez gain, Junkal elizako kanpandorrea bisitaldi turistikoetarako egokitu nahi dute “zuzkidura ekonomikoagatik baino gehiago, bere balio sentimentalagatik eta hiria sustatzeko ere balio duelako”. Hartara, aurrekontuaren parte bat parrokiari eman nahi diote “elizako punturik altuena xede horretarako gaitu ahal izateko”.
Bestelako proiektu batzuetara ere bideratuko dutela proiektua adierazi du Paezek: “Aurrekontuan sartzea proposatzen da aurreikusitako proiektuei dagozkien hirigintza-garapenetako beste urrats batzuk ere, hala nola, Emisio Gutxiko Eremuaren proiektua; Txenpereneko kirol-instalazioena; Hegoaldeko ingurabidearena eta airearen kalitatea kontrolatzeko monitorizazio sarearena”.
Bestetik, Eguberrietako kanpainara ere bideratuko dute diru hau eta Frantziako Tourra Irundik pasako dela-eta ere. Proiektuen zerrendekin segituz, bi igogailu berri jarriko dituztela aurreratu dute, bata Gal futbol zelaian eta bestea Errotaberrin.
Azkenik, udalak milioi bat euro “sartu direla” azaldu du eta Belartzako aparkaleku proiektura bideratuko dute. “Inbertsio osorako aurreikusitako 7 milioi euroak aldatzen ez dituen arren, albistea da hainbat urtetarako konpromisoak doitzen direla, 2023rako ekarpena 1,1 milioi eurotan utzita”.