Igoerako play-offeko joaneko partida jokatuko du bihar Txingudik
Denboraldiko helburutik 160 minutura dago errugbi talde bidasoarra. Atletico San Sebastian izango da play offeko arerioa. Bihar da lehen partida, 17:00etan, Plaiaundin.
Euskadiko Ohorezko Mailara igotzeko play-offa jokatzeari ekingo dio Zaisa Txingudik. Denboraldiko helburutik 160 minutura daude. Bihar jokatuko dute Plaiaundin joaneko partida Atletico San Sebastianen aurka, 17:00etan. Iñigo Camarero eta Alejandro Lasa prestatzaileek jokalarien gehiengoa dute prest sasoiko neurketa garrantzitsuenerako.
Klubak zehaztu du Atletico San Sebastian Euskadiko Ohorezko Mailako azken-aurren postuan sailkatu bazen ere, talde “gogorra” direla, eta kanporaketa ez dela “erraza” izango Txingudirentzat. Camarerok aitortu du presioa ondo kudeatzea “ezinbestekoa” izango dela, hori baita “gakoa” aurkaria “kontrolpean” edukitzeko.
Bi taldeen arteko azken partida aurtengo sasoiko denboraldi aurrean izan zen Plaiaundin. Norgehiagoka hura “oso parekatua” izan zela gogorarazi du klubak, hain izan zen “argia bi taldeen arteko berdintasuna”, partida hutsean bukatu zela.
14 eta 16 urtez azpikoak eta beteranoak, lehian
Gizonen lehen taldeko partidaz gain, beste hiru lehia izango dira bihar Plaiaundin. Berdegunera irtengo diren lehenak 14 urtez azpikoak izango dira. Zarautz-Beltzak taldearen aurka arituko dira 10:00etatik aurrera, Gipuzkoako Ligako azken-aurreko jardunaldian. Txingudik eta Baztanek osatzen duten taldea multzoko lidergoan da Hernani-Atletico B-rekin batera, eta aldea hartzeko “ezinbestekoa” dute garaipena lortzea.
Partida horren ondoren, 16 urtez azpiko taldea zelairatuko da Plaiaundin, 12:00etan. Uribealdea izango da bidasoarren biharko arerioa, Euskal Ligako azken jardunaldian. Azken fase “gazi-gozoaren” ondoren, denboraldia “ondo” itxi nahi dutela zehaztu du klubak, hasierako bi garaipenei hiru porrot segidan jarraitu baitiete.
Horrez gain, gazteen bi partiden artean, klubeko beteranoek plakaketa gabeko topaketa txiki bat antolatu dute. Errugbiak egun handia biziko du bihar Plaiaundin.