'Balioen Loratzea' egitasmoa bueltan da elkartasuna ardatz
Programaren hirugarren ekitaldia egingo da hilaren 27an Palmera Montero guneko bigarren aretoan, 17:00etatik 19:00etara.
‘Balioaren Loratzea’ egitasmoa bueltan da, hala jakinarazi du Rebeca Gonzalez Balioetarako ordezkariak. Herritarren eta hirugarren sektoreko entitateen arteko III. topaketa foroa izango da, eta Palmera Montero guneko bigarren aretoan egingo da datorren ostegunean, hilak 27, 17:00etatik 19:00etara.
Udal ordezkariak adierazi du ‘Balioen Loratzea’ egitasmoaren helburu nagusia “balioak transmititzea” dela, hala nola, enpatia, errespetua, tolerantzia, pazientzia, erantzukizuna eta justizia. Lehen ekitaldiak pandemiak eragindako osasun krisia izan zuen ardatz; eta bigarrenak, aldiz, bakearen eraikuntza.
Hirugarren edizio honetan arreta elkartasunaren balioa “goraipatu eta agerian” jarri nahi dela azaldu du Gonzalezek. Aurtengo ekitaldian Irungo hirugarren sektore sozialeko herritarren eta erakundeen arteko foro-topaketa bat proposatu dela baietsi du udal ordezkariak, “Irun solidarioa dela, eta Irungo pertsonak eta erakundeak solidarioak direla ikusteko”.
Elkarrizketa lasaia, enpatikoa eta erosoa oinarri hartuta, topaketan justiziaren, “adiskidetasunaren, enpatiaren eta sentsibilitatearen garapena sustatu” nahi dela nabarmendu du Gonzalezek, “elkartasunarekin eta behar gehien duenari laguntzeko kontzientziarekin oso lotuta dauden balioak baitira”.
Udal ordezkariak iragarri du ez dela beharrezkoa izena ematea. Topaketan parte hartzea librea izango da, aretoaren edukiera bete arte.