Musika eta dantza flamenkoz beteko dute Itsas Etxea igandean
'Flamenca del Sal-Al otro lado del duende' musika eta dantza flamenkoko ikuskizuna taularatuko du maila handiko zenbait artistek. Sarrerak 3 euroan eskura daitezke.
Flamenca del Sal-Al otro lado del duende musika eta dantza flamenkoko ikuskizuna taularatuko dute igandean Itsas Etxea Auditoriumean. 19:00etan hasiko dute saioa, eta bertaratzeko hiru euro ordaindu beharko direla aurreratu du udalak.
2022ko udaberrian jaiotako proiektu artistikoa da, eta udaleko iturrien arabera, honen helburua “flamenkoa omentzea” da. Ikuskizun honetan koreografia, musika eta letra originalak estreinatuko dituzte, “Donostiako flamenkoaren historiari buruzko soinu ondarea uzteko asmoz, horren alde borroka egin zuten pertsona guztiak omentzeko eta ahaztuta gera ez daitezen”.
Soledad Ruz izango da emanaldiaren protagonista nagusia, hark egindako ahaleginaren ondorioz sortu baita proiektua. “Historiaz beteta dago, bere ezaugarri den pasioz kontatuta, eta magia ere badu, ikuskizuna gauzatzea ahalbidetzen duen magia”, erantsi dute udaleko iturriek. Donostian eta Gipuzkoan arte flamenkoa sustatzen aitzindaria izan da andaluziar sustraiak dituen donostiar hau. Duela 30 urte La Paquera de Jerez lehenengo Peña Flamenkoa sortu zuen.
Maila handiko artistek parte ere hartuko dute igandekoan: Tomatito, Monse Cortes, Jesus del Rosario, Saul Quiros, Kilino Jimenez, Luki Losada…