ATX Teatroa konpainiak 'Lubaki lainotsua' antzezlana taularatuko du
Larunbatean izango da emanaldia, Itsas Etxeko Auditoriumean. Maren Basterretxea, Miriam K. Martxante eta Javier Barandiaran aktoreak igoko dira oholtzara.
ATX Teatroa konpainiak Lubaki lainotsua izeneko antzezlana taularatuko du larunbatean (hilak 22) Hondarribian. Itsas Etxeko Auditoriumak jasoko du emanaldia, 19:00etan. Adinekoek 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta adin txikikoek aldiz, 4. Lotura honetan eros daitezke jada.
Konpainiaren arabera, “belaunaldien arteko talkea eta munduaren inguruko ikuspegi desberdinak izango dira marmitako barri honen osagaiak”. Iñaki Ziarrusta da obraren zuzendaria, eta Maren Basterretxea, Miriam K. Martxante eta Javier Barandiaran aktoreak igoko dira oholtzara.
Sinopsia: Izen gabeko gerraren lubaki batean, soldadu beterano bat dago, bakar bakarrik, beste sasoi bateko gerlaria; baldintzarik gabeko militantzia eta diziplina zorrotza. Aspaldian ez dagoz batailarik, ezta etsairik be… badirudi dana bare-bare dagoala. Jeneralek “pakea” sinatu eben, tropak etxera bialdu ebezan aspaldi, baina ez eutsien erreleborik bialdu… eta noski, errelebo barik ez dago postua lagatzerik. Beterano hau gaur egungo sasoiarentzako oztopoa baino ez da. Bat-batean, zorioneko (edo zoritxarreko) egun batean erreleboa jatorkio. Eskarmentu bako soldado gazte bat. Bere bizitza labur osoan sekula ez dau gerra izpirik ezagutu.