Abotsanitz: "Aurrera egiteko, alfonbrak altxatu behar dira"
Azken asteetan Abotsanitz taldearen kontra EAJk adierazitakoaren harira, hausnarketa egin du taldeko Batzorde Exekutibo Iraunkorrak. Jeltzaleek "gezurrak esatea" leporatu dietela salatu dute, besteak beste.
Azken asteetan Abotsanitz taldearen kontra EAJk adierazitakoaren harira (Moskenea baserriaren eraistearen harira esandakoa, adibidez), hausnarketa egin du taldeko Batzorde Exekutibo Iraunkorrak. Lehenik gogorarazi dute taldeari “gezurrak” esatea leporatu dietela jeltzaleek, “alarma eta krispazioa sortzen dugula, eta populistak garela”. Bestetik, “sektore pribatuari laguntza publikoak emateko politika eta legearen ikuspegitik nekez justifika daitezkeen obra lizentziak ez babestea” ere leporatu dietela salatu nahi izan dute.
Jeltzaleen “propaganda jarduera frenetikoa eta urduritasunaren” arrazoia hauteskundeen hurbiltasunean egon daitekeela uste dute. “Orain arte oposizioak maiz proposatu dituen eta behin eta berriz baztertu eta tiradera batera bota dituzten proiektuak berehala exekutatzea iragartzen dute”, diote.
“Baikorra ez izatea” ere leporatu dietela diote, eta “gure ikuspegi aurrerakoi eta kritikotik begiratuz” ondorengo arrazoiengatik izan daitekeela erantsi dute:
Abotsanitz ez dago ados “alkateak dekretu bidez Montai enpresari egindako ordainketarekin, hamabi urtez indarrean dagoen legedia saihestu baitu”. Zaldunbordan ehun saltoki baino gehiagoko macro outlet bat irekitzearekin ere ez daudela ados esan dute, “lekuko ekonomian izango lukeen kalteengatik”. Gabarrari kaleko beilatokirako eraikuntza lizentzia ematearekin ere ez daude ados, “hirigintza aldetik legez kanpokoa delako”. EAJk erosteko ahalmen handiko jendearentzat etxebizitza pribatuak eraikitzea hobestearekin ere desadostasuna adierazi du taldeak, “horren ondorioa hondarribiarrak herritik kanpo bizitzera joan behar izatea delako”. Kirolzer enpresak kiroldegia administratzen duen “molde traketsa” ere salatu dute, “gero eta galera ekonomiko handiagoa eragiten baitio udalari”.
“Bada, positiboak gara ez dugulako EAJ eta bere inguruan dauden ‘kasta’ guztiaren kudeaketa desegokia babesten”. Abotsanitz beti egongo da hondarribiarren interesen alde. Ez gaitu inork mugatzen, ez gaude, ‘goragotik’ agintzen digun alderdi baten menpe. Eta oso kritikoak izango gara EAJren udal gobernuak finkatu nahi dituen nagusitasun eta inposaketa jarrerekin”.
Herritarrek alderdiek egiten edo egiten ez duenaren informazio “zuzena eta argia” izan behar dutela erantsi dute, “horrela egingo duten balorazioa zuzenagoa izango baita”. Horregatik diote saiatzen ari direla “EAJren sekretismoa eta opakatasuna azaleratzen”. Zentzu horretan esan dute publikoki argitaratu dituztela “urte luzez metatzen ari den milioika euroko soberakinak”.
Aurrera egiteko “alfonbrak altxatu” behar direla esan dute azkenik. Alfonbra altxatzeari ari direnean, honetaz ari direla esan dute: “gardentasun dinamika ezartzeaz, herritarrek erabakietan parte hartzeaz. Gure zinegotziek gogo biziz hartu duten zereginean, gure erakunde osoaren babesik sendoena dute”.