Herri Olinpiaden testuinguruan emakume bati eraso egin diotela salatu dute
Joan den larunbateko jardunaldian emakume bati eraso fisiko zein ahozkoa egin ziotela jakinarazi dute antolatzaileek. Ordezkaritza duten talde guztiek ere erasoa arbuiatu dute.
Joan den asteburuko Herri Olinpiaden testuinguruan, emakume bati eraso fisiko zein ahozkoa egin ziotela jakinarazi berri dute antolatzaileek. Gogor salatu dute erasoa eta esan dute ezin dutela “normaltzat jo egunero bizitzen ditugun jarrera biolentoak”.
“Olinpiadetako partaide guztiok gure espazioak eta inguruak ahal diren seguruenak izateko konpromisoa eta ardurak hartu behar ditugu, eta ezin diogu garrantzirik kendu, atzo gutako batzuk egin moduan. Erasotzaileek behar bezala egin behar zaie aurre”, esan dute, amorruz. Probak egiten ari ziren lekutik gertu zegoen establezimendu batean izan zen erasoa.
Hondarribiko Udalak ere erasoa salatu du, ohar bat kaleratu berri du. Honetan, udalak “babesa eta gertutasuna” helarazi dio emakumeari, “gure hiriko bizikidetza hausten duen edozein indarkeriazko ekintza gaitzetsi eta arbuiatzen duen bezala”.
Erasoa jasan zuen emakumea babestu zutenei eskerrak eman dizkie udalak, eta irmoki adierazi dute lanean jarraitu behar duela gizarteak, “inork ez ditzan justifikatu edo garrantzia kendu gure gizartean desagerrarazi behar ditugun jarrera batzuk”.
Bestalde, udalak “espazio seguruak hobetzen” jarraitzeko konpromisoa ere hartu du ohar honen bidez, haien asmoa baita “erasorik gabeko hiri batean pertsona guztiak aske eta errespetatuta senti daitezen”.
Udalean ordezkaritza duten EAJ, Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu taldeek babestu dute udal gobernuak kaleratutako salaketa.