Correoseko langileek protesta egin dute, "zerbitzu publiko on baten alde"
"Kontratazio faltagatik" protesta egin dute gaur langileek. CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek babestu dute gaurko mobilizazioa.
Hondarribiko Correoseko langileek elkarretaratzea egin dute gaur, “kontratazio faltagatik protesta egiteko” asmoz. “Lanpostuak ez betetzea kezkagarria da, eta denbora asko daramagu egoera hori jasaten”, esan dute, amorruz, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek.
Herria hazten ari bada ere, banaketa langileen kopurua jaistea leporatu diote Correosi. Enpresak langileen absentzia egunak ez dituela bete salatu dute, “nahiz eta behar besteko aurrerapenarekin programatuta egon”.
Ondorioz, gutunak eta jakinarazpenak berandu eramaten ari direla diote, eta langilerik ez dagoenez, enpresa publikoak “beste produktu mota batzuk lehenesten” ditu orain, hala nola, paketeria. Udako arratsaldetan bulegoa ixten dutenez, gainera, plantilla murriztu egiten dutela erantsi dute, eta ondorioz, Irunera joan behar izaten dutela herritarrek.