Katean arrakastatsua izan da BIDASOS2030 ekimena
Otsaila eta martxoa artean, auzotarren % 12 gehiagok parte hartu zuten birziklatze bidezko bilketan. Apirila eta maiatza artean, ekimena Amute eta Mendelu auzoetara mugituko da.
Bidasoko eskualdean biztanleriaren % 55ak birziklatzen du. Hala jakinarazi du Txingudiko Zerbitzuakek. Erakundeak Agenda 2030 egitasmoaren baitan bi helburu dituztela adierazi du, gainera: 2025erako kopuru hori % 60ra iristea, eta 2030erako % 70era. Alabaina, zuhurtziaz mintzo dira gaur egungo egoeraz: “helburuak gertu daudela iruditu arren, urteak daramatzagu Bidasoan tasa berdinaren inguruan. Ondorioz, ez dago aipatu helburuak erdiestera begira optimistegiak izaterik”. Egoera horretatik abiatuta, hondakinen kudeaketa jasangarrirako estrategia berria jarri dute abian: BIDASOS2030.
Katea auzoan, iragan otsailaren 14tik martxoaren 24ra landu zuten kanpaina, eta Txinzerrek pozarren adierazi du epe horretan % 12an igo dela parte hartzea birziklatze bidezko bilketan. Era berean, edukiontzi horiari dagokion bilketan % 10ean hazi da parte hartzea. Dena den, kanpainaren lehen egunean auzoko soberakinen edukiontzi bat hustu zuten: edukiaren % 67a beste edukiontzietan isurtzeko materia zela frogatu zuten orduan. Hori dela eta, “tarte handia dugu hobetzeko” adierazi du Txinzerrek. Hala eta guztiz ere, Txinzerrek Kateako auzotarrak eskertu eta birziklatzen jarraitzeko animatu ditu.
Aurrerantzean, Kateako ekimena Bidasoko auzo guztietara zabaldu eta joera onari eustea izango da Txinzerren helburua. Zentzu horretan, datorren apirilaren 21ean ekimena Mendelu eta Amute auzoetara heldu da. Hilabetez, auzotarrekin harremanetan jarri eta inguruko birziklatze tasak hobetzeko lanean arituko dira, maiatzaren 31era arte.
Estrategia berriak bidasotarrak birziklatzeko beharraren inguruan sentsibilizatu eta kontzientziatzea izango ditu helburu. Horretarako, hainbat ekimen jarriko dituzte martxan hedabideetan egiten den ingurumen komunikazioaren eremuan, baita sare sozialen, kaleko bat bateko eta zuzeneko komunikazioaren edota etxebizitza eta lantokietako esparruetan ere. Ekimenetan parte hartuko duten herritarrek, oro har, urtean 80 bat euro aurreztuko dituztela jakinarazi dute. Izan ere, legeak behartutako ekimena izanda, edukiontzi marroiaren bidez materia organikoaren bilketa erraztuko duten herritarrek sari hori izango dute.