Abotsanitzek Moskenea baserriaren eraistea salatu du
Udal taldeak herriko baserrien egoera salatu du. Izan ere, Erdi Aroko hainbat eraikin galdu dira lurzorua urbanizatzearren.
Iaz, udalak Zimizarga auzoko 26an dagoen Moskenea baserria berreraikitzeko baimena eman zuen. Azken asteotan, hala, baserriaren teilatua eta aurrealdeko horma bota dituzte lehenengo, eta eraikin osoa eraitsi ondoren. Gertakari horien aurrean, Abotsanitzek salaketa aurkeztu du Hondarribiko Udalean. Udal taldearen arabera, EAEko Lurzoru Legea aintzat hartuta, eraiste lanok legez kontrakoak dira, “landa lurrean eraitsitako baserri baten eremuan beste eraikin bat egiteagatik”. Baserriak “lurraren espekulaziotik babesteko” hautua egin dute.
Hortaz gain, Abotsanitzek legeak baserriak babesten dituela oroitarazi du: horren erakusle dira Lurzoruaren 2/2006 Legearen 30. artikulua eta 105/2008 Dekretuaren 9. artikulua. Arrazoiei erreparatuta, taldeak azaldu du legeak baserriak babesten dituela “euskal nortasunaren sinbolo direlako”, eta “identitate, balore eta izateko modu jakin bat islatzen” dutela.
Erdi Arokoak dira gaur egun Hondarribian zutik dirauten baserri gehientsuenak. Moskenea XVII. mendekoa dela uste da (ez dago eraikitze-data zehatzik), baina ugari dira XIII. eta XIV. mendekoak; baita XII. mendekoak ere, 1203an Hondarribiak Hiri gutuna jaso aurrekoak. Abotsanitzek, era horretan, gogora ekarri ditu Hondarribian landa eremua urbanizatzeari ekin zitzaionetik, galdu diren hainbat baserri: Ipiztiku, Jamotenea, Marikiñenea, Patximoskenea, Erdikorrota, edo Politenea.