Aireportuaren erabiltzaileak, gorantz berriz ere
Urtarriletik martxo bukaerara 84.343 izan dira azpiegitura erabili duten bidaiariak. 2019arekin alderatuta %31 hazi da kopuru hori.
Hondarribiko aireportuaren bitartez hegazkin bidezko joan-etorriak egin zituzten pertsonen kopurua hazi egin da martxoan, 2019ko hilabete berbereko datuekin alderatuz gero. %26an handitu da bidaiarien 2019ko martxoarekin alderatuta: aurten 31.641 erabiltzailek erabili dute azpiegitura Gipuzkoara etorri edo herrialdetik ateratzeko. AENAk emandako datuak dira horiek, eta 2019ko datuak erabili dituzte konparaketa egiteko erreferentzia gisa.
Datu gehiago eman ditu AENAk. Zehazki, 2019ko eta 2023ko lehen hiruhilekoen arteko alderaketa egin du: datu horrek ere hazkundea izan du duela lau urtekotik aurtengora, %31koa. 84.343 izan dira Hondarribiko garraio azpiegitura baliatu dutenak urtarriletik martxora: osotara, 1.106 hegazkin lurreratze edo abialdi izan dira urteko lehen hiruhilekoan.
Hegaldiak
Egun, Hondarribiko aireportutik Bartzelona, Madril, Valentzia, Kanaria Handia, Malaga, eta Sevillarako hegaldiak har daitezke (bueltakoak ere bai). Maiatzean Mallorcara eta Menorcara joatekoak hasiko dira, eta uztailean Londreserakoak.
Honakoa da hegaldien zerrenda (zuzeneko hegaldiak dira):
- Madrilera: Iberiak eskaintzen ditu hegaldiak, hiru egunero.
- Bartzelona: Vueling-ek eskaintzen ditu hegaldiak, bi egunero.
- Kanaria Handia: Binter konpainiak astero hegaldi bat eskaintzen du, ostegunero.
- Sevilla: Volotea konpainiak astean bi hegaldi eskaintzen ditu, astearte eta ostiralero.
- Malaga: Volotea konpainiak astean bi hegaldi eskaintzen ditu, astelehen eta ostegunero.
- Mallorca: Voloteak astean bi hegaldi eskainiko ditu, maiatzetik aurrera, asteazken eta larunbatero.
- Menorca: Voloteak astean bi hegaldi eskainiko ditu maiatzetik aurrera, astearte eta larunbatero.
- Londres: British Airways-ek astean bi hegaldi eskainiko ditu uztailetik aurrera, ostiral eta astelehenero.