Tartean Teatrok 'Alderray' ikuskizuna taularatuko du maiatzean
Itsas Etxea auditoriumak jasoko du emanaldia, datorren maiatzaren 13an.
Tartean Teatro konpainiak Alderray ikuskizuna eskainiko du Hondarribian datorren maiatzaren 13an (larunbata da). Itsas Etxea auditoriumak jasoko du emanaldia, 20:00etatik aurrera.
Patxo Telleriak zuzendutako saioa izango da, eta Mikel Martinez eta Sandra Fernandez Agirre aktoreek eskainita.
Sinopsia: Alderray pertsonaien ehiztaria eta istorio kontalaria da. Horretan aritu da bizitza osoan, kalerik kale pertsonaia berezien bila ibiltzen. Sena du, giza fauna ugarian, kontatzea merezi duten istorioak antzemateko. Gero, edozein kale kantoi edo plazatan, istorio horiek kontatzen dizkie entzun nahi dutenei, borondatearen truke.
Alderray errari bizi izan da beti, askatasun osoan, nahita aukeraturiko bakardadean. Baina gaztaroa aspaldi joan zen eta orduko kemena galdua dauka. Orain askatasuna eta bakardadea erabatekoa zama bihurtu zaizkio.
Une honetantxe agertu da bere bizitzan neska gazte bat, Alderrayren lanaren mireslea, bere ondoan ofizioa ikasi nahi duena. Bizitzak misantropo garratz eta asozial bihurtu du ehiztari zaharra, baina hala ere bere ondoan onartuko du, morroi gisa.