"Hiriko osasun arazoak konpontzeko" eskua luzatu dio alkateak Osasun Sailari
Gotzone Sagardui sailburuari hitzordua eskatu berri dio Santanok, hiriko osasun sistemaren eta oinarrizko laguntzaren egoera desblokeatzen saiatzeko asmoz. Pertsonalki helarazi nahi dio "hiriko gehiengoaren iritzia".
Irungo alkate Jose Antonio Santanok eskua luzatu dio Osasun Sailari, “hiriko osasun arazoak konpontzeko” asmoz. Gotzone Sagardui sailburuari hitzordua eskatu berri dio Santanok, hiriko osasun sistemaren eta oinarrizko laguntzaren egoera desblokeatzen saiatzeko asmoz. Pertsonalki helarazi nahi dio “hiriko gehiengoaren iritzia, joan den martxoko osoko bilkuran adierazia”.
“Joan den astean, hiriak mezu irmoa erakutsi zuen, Eusko Jaurlaritzak Oinaurren hirugarren anbulatorioa eraiki dezan. Horretan, bizilagunekin, profesionalekin eta gizarte taldeekin bat egiten dugu. Osakidetzako Plan Zuzentzaileak ere kontuan hartzen du, eta, beraz, egin dezagun aurrera alde guztiak ados gauden gai honetan. Egoera hau desblokea liteke, baldin eta Osasun Sailak hirugarren anbulatorioaren proiektua 2015etik prest dauden lursailetan enkargatzen badu”. Horrek “konfiantza” sortuko lukeela erantsi du alkateak, eta “mezu positiboa” helaraziko liekeela herritarrei, “uste baitut denok ados gaudela hori dela bidea Irungo oinarrizko arretaren arazoak konpontzen hasteko”.