Gordailua Bekaren bigarren edizioa, martxan
"Kultura ondarearen kontserbazioa, ikerketa, berrikuntza eta sozializazioa sustatzeko" proiektuak aurkeztu beharko dira. Onuradunak 30.000 euro eta 12.000 franko jasoko ditu ikerketa lanerako.
Kutxa Fundazioak eta aldundiak dena prest dute bigarren Gordailua Bekarako. “Kultura ondarearen kontserbazioa, ikerketa, berrikuntza eta sozializazioa sustatzeko” helburua izango du bigarren honek ere. “Izaera eraldatzailea eta erakuste efektua duten proiektuak” aurkeztu beharko dituzte interesdunek. Gaurtik eman daiteke izena.
Beka honen hartzaileak kontserbatzaileak eta kontserbazioan diharduten profesionalak izango dira. Onuradunak Kutxa Fundazioak emandako 30.000 euro eta Suitzako Museo Nazionalak emandako 12.000 franko jasoko ditu. Beka hiru hileko egonaldiarekin hasiko da, Gordailuan. Bertako lan ildoa ezagutu eta proiektua zehaztuko du lehenik. Ondoren, 180 eguneko egonaldia egingo du Suitzako Museo Nazionalean. Eta azkenik, 10 hilabetez ariko da Gordailuan. Bekak iraun bitartean tutoretza lanak egingo dituzten arduradunak izango ditu alboan onuradunak.
Beka honetan garatu beharreko proiektuak hiru ildo estrategikoren barruan egin beharko dira: garraio, biltegiratze eta erakusketarako kultura ondasunen egokitzapenari aplikatutako eraginkortasuna; material eta ekintza eraginkorragoak ikertzea obrak kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku hartzeetan; eta berrikuntza, obra artistikoen kontserbazioaren kudeaketa eraginkorrean.
Baldintzak eta oinarriak webgune honetan kontsulta daitezke.