Udal eta foru hauteskundeen atarian, hitzordu garrantzitsua izango dela maiatzaren 28koa esan dute jeltzaleek gaurko ekitaldian, "alderdia egiten dugun guztiontzat, baita alderdiarekin sinistuta dauden guztientzat. Garrantzitsua, herrigintza ezinbestekoa delako Gipuzkoa egiten jarraitzeko, eta Irun eta Hondarribia egiten jarraitzeko gidaritza politikoak jokoan direlako, berriro, datozen hauteskundeetan".

Irun eta Hondarribirako alkategaiak aurkeztu ditu gaur eguerdian EAJk. Xabier Iridoi Olaizola proposatu dute jeltzaleek Irungo zerrendaburu, eta Gonzalo Carrion Insausti Txalo Hondarribiko hautagai. Ekitaldirako, Hondarribiko Kultur Etxea aukeratu dute. Eserleku denak beteta egin dute aurkezpena.
Udal eta foru hauteskundeen atarian, hitzordu garrantzitsua izango dela maiatzaren 28koa esan dute jeltzaleek gaurko ekitaldian, “alderdia egiten dugun guztiontzat, baita alderdiarekin sinistuta dauden guztientzat. Garrantzitsua, herrigintza ezinbestekoa delako Gipuzkoa egiten jarraitzeko, eta Irun eta Hondarribia egiten jarraitzeko gidaritza politikoak jokoan direlako, berriro, datozen hauteskundeetan”.
Horren harira botoaren garrantzia ere nabarmendu dute, “ez da berdin etxean gelditu edota botoa ematera joatea, are gutxiago bakar baten botoak garrantzia ez duela pentsatzeak, guztion botoa behar dugu, Irun eta Hondarribiaren etorkizuna dagoelako jokoan. Gure botoarekin erabakiko dugu, finean, nork eta nola gidatuko duen gure herria”.
Egungo Irun izan du hizpide EAJren alkategaiak. Azken hogei urteetan aldaketa sakonak izan ditu gizarteak Iridoiren iritziz, baina hala ere, Gipuzkoak aurrera egin duela nabarmendu du, “langabezia tasa murriztu egin du, enpresa berritzaile eta puntu puntakoak erakartzeko gaitasuna izan du, eta turismoa ere erakarri du”. Irun baina, Gipuzkoak izan duen garapen horretatik urrun kokatu du Iridoik. Baieztapen hori datuak emanda arrazoitu du, eta hala, hirian langabezia tasa Gipuzkoakoa baino %33 altuagoa dela, eta, gainera, bizi kalitatea murriztu dela esan du, “segurtasun sentsazio faltagatik”·. Osasungintzari ere erreparatu dio hautagaiak, eta osasun zerbitzua hobetu beharra dagoen zalantzarik ez du, “horrekin batera, denda asko eta asko galdu ditugu, aparkaleku eta mugikortasun arazoak ere handiak dira”.
Egungo udal kudeaketaren gainean ere mintzatu da, eta esan du, ez duela uste lortzen direnik behar diren laguntza eta inbertsioak: “Non daude Santanok azken hogei urteetan egindako promesak. Plaiaundiko kirol instalazioaren kokapen aldaketa, Alde Zaharreko Korrokoitz eremua garatzea, eta Iparralde Gal eta San Miguel Anakako planak aurrera ateratzea? Non dira San Juanen egin beharreko auditorioa eta hotela? Proiektu horiek guztiak Santanoren eskutan daude, eta udalbatzan adostutako akordioak gelditu egiten ditu, atzeratu. Nahiago du aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren kontra egin, eta EAJ etsai gisa irudikatu”.
EAJk lan egin duela Irunen esan du ondoren Iridoik, “Plaiaundiko kirol insatalazioak Txenpereneara aldatzeko, Madrilen diru zatia lortu dugu trena estaltzeko proiekturako, eta Irun, Hondarribia eta Hendaia lotuko dituen bidegorria eraiki ahal izateko ere lan egin dugu”. Irungo erdialdean anbulatorio handi bat eraikitzeko konpromisoa ere lortu du EAJk Iridoiren esanetan, eta beste bat Bentak inguruan.
Zalantzarik ez du Iridoik, “Irunek gehiago behar du, Irunek gehiago merezi du. Eta guk dugu herritarrek behar duten hiri proiektu hori, EAJ da alternatiba bakarra Gipuzkoarrekin eta Irundarrekin batera aurrera egiteko”.
Carrionek hartu du hitza ondoren, bertaratutakoen txalo artean. Lau urte eman dituela udalean ikusten eta ikasten gauzak nola egin, eta beste horrenbeste pandemia garaian proiektuak sortzen azaldu du Hondarribirako EAJren alkategaiak. Hitzezko pertsona dela esan du, entzutea gustuko duena, baina elkarrizketan aritzea ere, “baina egitekoa naiz esatekoa baino gehiago; erantzutea da nire konpromisoa. Hondarribiaren etorkizuna taldean egingo dugu, hori izango dugu erronka, orain arteko taldearen erreleboa hartu eta etorkizuna lantzen hasi gara talde berri batekin”. Aurretik udalean lanean aritu diren jeltzaleei eskerrak eman dizkie bana bana.
Datorren hauteskundeei begira talde “potentea, biribila, esperientzia duena erakundetan, administrazioan zein enpresa pribatuan eta herriko kirol kultur elkarteetan zein talde sozialetan inplikatutakoa” osatu dutela gaineratu du Carrionek, “zalantzarik ez dut etorkizuneko Hondarribiarentzat proiektu eta talderik onena dela gurea, inork ez baitu guk baino ilusio eta motibazio handiagorik izango. Populismoaren aurrean, arduraz jokatzen dugulako herritarren artean haserreak eta hausturak eragin beharrean, konpromisoa eta konponbideak eskaintzen ditugulako guk”.
herritar zein eragileekin azaroaz geroztik egiten ari diren lana lehen lerroan jarri du Carrionek. Hark azaldu duenez, 50 elkarterekin eta 400 pertsona baino gehiagorekin ari gara bilerak egiten herri proiektua eraikitzeko denen ekarpenekin, “auzo, kirol elkarte, kultur elkarte, gizarte eragile, ostalaritza, merkataritza, ikastetxeak, alardearen gaineko ikuspegi ezberdina duten taldeak, adinekoak, gazteak, ondarearen sustatzaileak… denekin ari gara”.
Etorkinari begira, jeltzaleen eskutik “Hondarribia oparoa” irudikatu du alkategaiak: “lehen sektorea zainduko duena eta etorkizuneko ekonomia berriei leihoa irekiko diena, leiho hori kanpus teknologiko berriarena da. Hondarribia atsegina, garbia eta zaindua nahi dugu, auzotarren arteko oreka bizi duen Hondarribia, kirol eta kultur ekintzez bizi bizi den herria, errespetuan eta bizikidetzan zoriontsua dena. EAJda Hondarribian aukera bakarra”.
Bi alkategaien ondoren, Eider Mendoza Larrañagak Gipuzkoako Foru aldundiko Ahaldun Nagusi izateko EAJren hautagai eta Joseba Egibar Artola EAJko eusko legebiltzarkidea eta Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteak hartu dute hitza.