Katuen maitaleek hitzordua dute Ficoban
Felina Nazioarteko Erakusketaren XVI. ekitaldia lurreratuko da asteburuan Irunen. 170 katuk hartuko dute parte, hogei arraza ezberdinetakoak.
Felina Nazioarteko Erakusketaren XVI. ekitaldia lurreratuko da asteburuan Ficoban. Bihar eta etzi arraza ezberdinetako katu ugari ikusi ahal izango dira Irunen. Ficobara bertaratzen direnek, gainera, Norvegiako Basoa eta Selkirk arrazak gertutik ezagutu ahal izango dituzte, horiek baitira aurtengo arraza bereziak.
Orotara, hogei arrazatako 170 katu egongo direla zehaztu dute antolatzaileek. Erakusketak irauten duen denboran, katu parte hartzaileek Nazioarteko Txapeldun, Nazioarteko Txapeldun Handi, Europako Txapeldun eta Europako Txapeldun Handi tituluak eskuratzeko lehian izango dira. Epaileek katuak aztertu eta sailkatuko dituzte arraza eta kolore bakoitzeko alerik onenak aukeratzeko.
Larunbat arratsaldean, maila bakoitzean hautatutako katuak lehiatuko dira txapeldunak izendatzeko; eta igandean, aldiz, Felina Nazioarteko Erakusketan parte hartu duten katu guztien artean onena aukeratuko da.
Horrez gain, bigarren urtez lehiatzen diren Thor katua eta bere jabe irundarrari opari berezia egingo diete antolatzaileek. Thor Hendaiako elkarte felinoak erreskatatutako katu bat da, eta etxeko katu bezala lehiatuko da Ficoban.
Lehiaketaz gain, Les Chamis de Mamie katuen elkarte hendaiarrak azoka txiki bat antolatu du kaleko katuei elkartasuna adierazteko.
Ficobako ateak 10:00etatik 18:00etara egongo dira zabalik bi egunetan. Sarreraren prezioa lau eurokoa da helduentzat eta doakoa 12 urte bitarteko haurrentzat. Erakusketara bertaratzen direnek ere doako aparkalekua izango dutela aurreratu dute antolatzaileek.