Jose Antonio Santano Osakidetzari zuzendu zaio Irungo osasun egoeragatik
Irungo alkateak Osakidetzari eskatu dio Bidasoaldeko profesionalei entzuteko eta udalarekiko harreman instituzionalari berrekiteko.
Jose Antonio Santano alkateak Irungo osasungintzaren eta lehen arretaren egungo egoeraren balantzea egin du. “Osasungintzaren gaia eztabaida politikotik kanpo geratzea nahi nuke, eta Osakidetzaren eta udalaren arteko harreman instituzionala berriz abian jartzea. Kontuan izan behar da planteatzen ari garena, eta ez udala bakarrik, baita profesionalek ere”, azaldu du hiriko alkateak.
Irungo osasungintzak “premiazko erantzuna” behar duela esan du Santanok. Adibide bezala aipatu du Irun Erdialdeko anbulatorioa dela Euskal Autonomia Erkidegoan paziente gehien artatzen dituena eta, egun, barrakoiekin dagoela: “Lehen mailako arretako arazoak premiazkoak dira eta berehala erantzun behar zaie. Mediku falta ere pairatzen dugu. Arazo partekatua da, baina gure eskualdean aukera dugu berehala aurrera egiteko espazioei dagokienez, proiektuak enkargatuta: Oinaurreko anbulatorioa, Bidasoaldeko ospitaleko ebakuntza gelen erreforma edo Irun Erdialdeko anbulatorioa handitzeko lanak, azken anbulatorio hori ezin baita itxi. Osakidetzari gauza bakarra eskatzen diogu: iritzi hau entzutea eta berrikustea azken urteetan egin duen lana eta izan dugun harreman instituzionala, harreman ona izan baita eta akordioak lortu ditugu eta”.
Horrez gain, alkateak eskatu du gai honek ez dezala “zatiketa politikoa” eragin: “Profesionalen aldarriaren ondoren, garrantzitsua iruditzen zait Irungo EAJri esatea gehiengo sozial, politiko eta profesional honekin bat egiteko, elkarrekin bide berean aurrera egiteko, hau da, erantzunak emateko denbora gutxian enkargatu ahal izan dadin Oinaurreko proiektua, uneotan lurzorua erabilgarri dago eta, baita Irun Erdialdeko anbulatorioa modernizatzeko ere».
Azkenik, erakundeen arteko harremanetara itzultzeko aldarria egin du Santanok: “Erakundeen arteko harremanetara itzuli behar dugu, aurreikusita geneuzkan prozedurak eta planak betetzeko eta herritarren beharrei erantzuna emateko. Horretarako baditugu bi espazio eta, profesionalek eta guk geuk egin dugun azterketa ikusita, bertan jardun dezakegu, azkar jardun ere, eta arazoa ebatzi ez urteetan, baizik eta hilabeteetan, posible da eta”.