Irungo Udala, mugikorrean
Irungo Udalak IrunAPP aplikazioa sortu du irundarrek eta bisitariek albisteak edo kultur agenda erraz kontsultatzeko.
Miguel Angel Paez lehen alkateordeak eta Monica Martinez Informazioaren Gizarteko eta Herritarren Parte Hartzeko ordezkariak Irungo Udalaren mugikorretarako IrunAPP aplikazio berria aurkeztu dute.
Aplikazio horrek aukera ematen du albisteak eta hiriko kultur agenda kontsultatzeko. Udal Informatika Zerbitzuak garatu du IrunAPP aplikazioa, eta app-ak aukera ematen die hiritarrei Hobetu Irun utilitatearen bidez udal zerbitzuetara oharrak, jarduerak eta iradokizunak bidaltzeko, udal jarduerari eta hiriaren kudeaketari dagokionez. Euskaraz edo gaztelaniaz konfigura daiteke eta iOSen eta Androiden deskargatzeko aukera dago.
Miguel Angel Paezek honela aurkeztu du proiektu berria: “Irundarren eta bisitatzen gaituztenen zerbitzurako kanal berri bat da. Azken batean, ia denok dugu eskura gailu mugikorren bat, haiekin mugitzen gara eta kontsultarako tresna gisa erabiltzen ditugu. Horregatik, hemendik aurrera, askoz errazagoa izango da udal gaurkotasuna jarraitzea, kultur agenda begiratzea edo udalari ohar bat bidaltzea. Hiriaren irudi gisa ere urrats garrantzitsua da, bisitatzen gaituztenentzat erreferentzia azkarra izan baitaiteke gurekin egongo diren egunetan Irunek zer eskaintzen dien jakiteko”.
Udal ordezkariek azaldu dute aplikazioak Abisuak izeneko atal bat duela. Horren bidez, informazioa jaso daitekeela esan dute; hala nola, izapide jakin batzuk egiteko epeei buruz, tasa eta zergak ordaintzeko kanpainei buruz edo zirkulazio mozketei eta hiriari buruzko gainerako informazio garrantzitsuei buruz. Informazio hori app-ean kontsultatzeaz gain, abisu horietan harpidetzeko aukera ere badela esan dute ordezkariek, push jakinarazpenaren bidez. Jakinarazpen horiek aplikazioa instalatuta duten gailu mugikorretan jasoko dira, argitaratu ahala.
Zerbitzuak atalaren bidez, aldiz, udal zerbitzuetara zuzeneko sarbidea ere eskaintzen da; adibidez, udalaren egoitza elektronikora, guardiako farmazietara, Irunmarket-era eta dagoeneko eskuragarri dauden beste aplikazio batzuetara (TAO, Irunbus edo Irun Berdea).