[Elkarrizketa] “Talde indartsua gara, eta horrek indarra ematen dit”
Ibilbide luzea du Elduaienek Hondarribia Arraun Elkarteko (HAE) lehendakari gisa. 2002an hartu zuen aurrenekoz kargua eta beste lau urtez jardun berean arituko da, hasierako ilusio berberarekin.
Beste lau urtez izendatu zaituzte Hondarribia Arraun Elkarteko lehendakari. Nola sentiarazten zaitu horrek?
Alde batetik, hor baldin bagaude da gustura gaudelako. Talde ona gara. Direktibaren eta gure artean giro ona dugu eta lana egiteko gogoa ere bai. Ilusioa ere badugu, eta alde horretatik beste lau urte klubaren buru izateak ilusioa sortzen dit. Egia da denbora ez dela debalde pasatzen. Urteak pasatzen dira, baina oraindik baditugu proiektu inportanteak mahai gainean eta aurrera egiteko gogoarekin gaude.
Uneoro pluralean hitz egiten duzu. Talde batez inguratuta zaudelako da hori, ezta?
Noski, nik beti gu esaten dut, hala garelako, talde bat. Aztenean batek aurpegia jarri behar du, eta gero lehendakaria zarenez azkeneko ardura zure gain dago gauza askotan, baina bestalde, talde bat gara, talde indartsu bat. Bestela ezinezkoa izango litzateke gurea bezalako elkarte bat aurrera eramatea. Talde indartsua garela uste dut, eta horrek indarra ematen dit pertsonalki aurrera jarraitzeko.
Zuzendaritza berritzea bada proiektu bat sendotzeko modua. Baina, bestalde, urtero erronka berriak sortzen dira. Zeintzuk dira horiek?
Lehendabiziko erronka eguneroko lana da. Urtero-urtero denboraldia salbatu egin behar da. Aurrekontua bete egin behar da eta horretarako beti errekurtsoak bilatzen aritzen gara dena ordaintzeko. Hori izaten da epe motzerako helburua: urtea aurrera eramatea eta kirol aldetik ahal den neurrian emaitza onenak lortzea. Beste helburu batzuk ere baditugu: lau urte hauetarako xede dugu instalazioei buelta bat ematea. Gaur egun ezagutzen dugun instalazio hori inauguratu zenetik 27 urte pasatu dira, eta berrikuntza bat behar du, inbertsio bat. Proiektu polit bat dugu horri buelta bat emateko. Hori izango da lau urte hauetako erronka. Ez dakit lau urtean hau egina ikusiko dugun edo ez, baina behintzat jada bideratuta utzi behar dugu.
Arraun elkarteetan lehendakari gutxi egongo dira zuk adina urte daramatenak. Zerk mugitzen zaitu?
Arrauna nire bizitza izan da gaztetatik. Arraun elkartean sartu nintzen 10 urterekin, eta bertan egin nuen nire gaztetasun guztia. Gero, zuzendaritzan sartu eta talde polit bat osatu dugu, lagun talde bat, eta gustura gaude hor, klubean. Giro ona ez da zuzendaritzako kideen artean bakarrik ematen, eta arraunlariekin edo entrenatzaileekin ere halakoa da. Bigarren familia bat osatu dugu. Bestetik, oraindik baditugu aurrera atera nahi ditugun proiektuak. Horiek motibatzen naute aurrera jarraitzera.
Hasierara itzuliz, zergatik aurkeztu zinen arraun elkartearen presidente izatera?
1999an Miguel Bernedo zen lehendakaria. Jende gutxi zutela-eta zuzendaritzan esku bat botatzeko eskatu zidaten. Lehendakariorde bezala sartu nintzen. Handik hiru urtera Miguelek adinagatik kargua utzi zuen, eta orduan bai, 2002an aurkeztu nintzen lehenengoz. Ordutik hemen gaude.
Orduko hartan nolakoa zen klubaren egoera?
Hondarribia beti izan da izen handiko arraun elkarte bat, edo behintzat lehen mailako bat. Alde horretatik ondo zegoen. Baina bestalde, lotan dagoen elefante bat bezala geunden. Lehenengo mailan zeuden taldeak Orio, San Juan edota San Pedro ziren, eta gu bigarren lerroan izan ginen urte askoan. Oso argi nuen Hondarribian ere arraunlari onak bazirela, eta proiektu horretan gauzak mugitu eta ilusio berriak sortu behar zirela, Hondarribia garai batean izandakora bueltatzeko. Horrek mugitu ninduen gehienbat, barrenean nuen amorru horrek, demostratzeko gu ere, gauzak ondo eginez, gero garai hartan zeuden talde horien mailara irits gintezkeela.
Ordutik arraun mundua asko aldatu da. Izan materiala, entrenatzeko modua… Zertan sumatu duzu aldaketa gehien?
Dudarik gabe aldatu da. Agian egunerokoan ez zara konturatzen hainbeste aldatzen ari denik, baina gero, hogei urte atzera egin eta garai bateko estropadak ikusten dituzu, eta konturatzen zara asko aldatu dela. Beno, asko… Azken batean oinarria berbera da. Arrauna arrauna da. Entrenatu behar da, orduan ere bai, eta ez orain baino gutxiago segur aski. Baina gauzak egiteko era, elikadura, materiala… horiek bai aldatu dira.
Ikusi dudan aldaketa nabarmenena antolakuntza arlokoa izan da. Arraunak beste gorputz bat hartu du. Ligak osatu dira, elkarte batzuk osatu dira, TKE dela edo KAE dela… Traineruko arrauna asko aldatu da alde horretatik, lehiaketa aldetik eta antolakuntza aldetik. Gaur egun gauzak egiteko beste modu bat dagoela ikusten dut. Garai batean estropadak gonbidapenarekin jokatzen ziren, eta egun denboraldiek nolabaiteko antolakuntza uniforme bat dute.
Zaila izan da egokitzapen hori egitea?
Ez. Gainera gu beti prest egon gara. Euskal Liga sortu zenean Hondarribia lehenengo urtetik barruan egon zen, eta Hondarribiko estropada bertan sartu zen. Traineru Kluben Elkartea (TKE) sortzeko pausoak eman zirenean ere Hondarribia bertan izan zen, horren alde egon ginen. Arraunak hortik joan behar zuela ikusten genuen eta uste dut asmatu dugula. Hogei urte eta gero esan daiteke TKEren sorrera horrek traineruen arrauna dudarik gabe aldatu duela.
2003an sortu zen TKE. Nola gogoratzen duzu elkartearen sorrera? Aurrerapauso handia izan zen, ezta?
Bai, baina aldaketa guztietan bezala zalantzak izan genituen. Beldurra zegoen arrauna NBA bezalako zerbaitetan bihurtuko ote zen. Talde askorentzako amaiera izango zela, eta gutxi batzuk geratuko zirenaren beldurra zegoen. Baina azkenean denborak erakutsi du ez dela horrela izan. Segur aski, azken hamar urteetan traineru arraunak izan duen arraunlari kopurua ez da aurretik inoiz ere izan. Nesken arraunaren eboluzioa ere handik hasi da, eta lehen esan bezala, TKEren sorrerak beste seriotasun bat ekarri duela esango nuke.
TKE sortu zenetik Hondarribia goi mailan aritu da beti. Non dago gakoa?
Uste dut bere momentuan entrenatzaileekin asmatu genuela. Adibidez, mutiletan Mikel [Orbañanos] fitxatzea oso inportantea izan zen klubarentzako. %100 asmatu genuen. Gero ere egia da gauzak ez direla beti berdin joan. Momentu txarrak ere pasatu ditugu, nahiz eta azken hogei urte hauetan TKE barruan egon garen. Uste dut Bermeo eta gu garela hori lortu dugun bakarrak. Urte txar horietan gai izan ginen lasaitasuna mantentzeko eta erabakiak burua galdu gabe hartzeko. Pazientziaz hartu, konfiantza eman, eta nik uste dut hor asmatu dugula. Berriro bueltatu gara [irabazteko lehiara], eta azken hamar urte hauek oso onak izaten ari dira.
Hondarribiaren ezaugarri nagusietako bat harrobiko lana da. Beti izan da horrela?
Bai. Garai batean, gu arraunean ibiltzen ginenean, horrela izaten zen leku guztietan. Nolabait, ez ginen klubak kluben kontra aritzen, herriak herrien kontra baizik. Denek gure herriko klubetan arraun egiten genuen. Oso zaila zen eta oso gutxi ziren aldatzen zirenak. Gipuzkoan behintzat hori ez zen ikusten.
Gerora, arrauna, bizitza bezala, aldatu egin da. Gizartean ere lanez gehiago aldatzen da, eta garai batean hori ez zen ikusten. Segur aski arrantzale baten semea arrantzalea izango zen garai batean, eta itsasoan hasi eta itsasoan bukatuko zuen bere lan ibilbidea. Beraz, bai, arrauna gizartea bezala aldatzen joan da, baina guk beti filosofia bezala nahi izan dugu gure elkarteko traineruek, nolabait, elkartea eta herria ordezkatzea, eta behintzat gehiengo bat gure klubeko arraunlariak izatea. Horrek proiektuari nortasuna ematen diola uste dut, eta segida bat ere bai. Momentu txarretan bertako arraunlariek badute identitate bat, segur asko kanpotik etorriak ez duena. Horrek ez du esan nahi kanpotik etortzeko prest dauden arraunlari onak ez ditugunik hartuko, noski baietz. Goian egon nahi baduzu oreka bat izan behar da. Oso polita da bertako hamalau arraunlarirekin aritzea, baina oso zaila da.
Bestalde, emakumeen arraunaren sorrera ere bertatik bertara ikusi duzu.
Emakumeen traineruen lehenengo estropada Hondarribian antolatu zen, Txingudiko Bandera [2008an]. Hasieratik ikusi genuen zerbait egiteko baldin bazegoen, Hondarribia bertan izango zela. Hala ere, onartu behar dut elkartean tosta mugikorra oso sartuta dagoela, eta nahiz eta hasieratik trainerua uretan izan dugun, agian ez dugu beste batzuek izan duten eboluzio hori izan. Eztabaida izan genuen; nola antolatu bat, nola antolatu bestea, entrenatzaile bakarrarekin, bi entrenatzaile desberdin, modalitate bakoitzarentzako bat… Korapiloa askatzen nahi baino denbora gehiago iraun genuen, baina uste dut hori ere salbatu dugula eta azkeneko urteetan trainerua sendotuta dagoela. Proiektua finkatuta dago eta apustua oso ilusionagarria da klubarentzako.
Emakumeen arrauna hazten eta eraldatzen joan da. Nola ikusi duzu izan duen bilakaera?
Horretan denek ez dugu iritzi bera izango. Nire ustez TKEk gauzak oso ondo egin ditu. Hasiera batean estropadak selekzioka egiten hasi ziren: Bizkaia, Gipuzkoa, Galizia… Gerora klubak sartu ziren. Ondoren, pixkanaka Emakumeen Traineru Elkartea (ETE) sortzen joan zen bezala, ikusi zen Kontxan eta ondoren EuskoTren Ligan lau trainerutik zortzira pasatzeko unea zela. Beti aurrerapausoak ematen egon gara, buruarekin. Ezin duzu zortziko liga nagusi bat sortu, eta bestetik, bigarren liga desorekatua utzi. Uste dut gauzak oso ondo egin direla. Gainera, liga mutilen estropaden aurretik jartzea izugarrizko erakusleihoa izan da nesken arraunarentzako. Kirol gutxik egin dituzte emakumeen kirolean arraunak adina urrats, eta aurten zortziko liga horrek jende asko ilusionatu duela uste dut. Ea dena ondo ateratzen den.
Egun kluba zein egoeratan dago?
Momentu onean dago, hori ezin da ukatu. Egia da exijentzia handia dagoela, denera iritsi nahi dugu. Jende gazte asko dago maila guztietan, mutilen bi traineru eta neskena ditugu. Denera iristeko atzetik esfortzu handia dago, eta ekonomikoki dena gutxi izaten da. Urtero aurrekontuak betetzeko eta dirua lortzeko lan asko egin beharra dago. Eta gero, nahiz eta arraunerako oso ondo gauden, elkarte bezala buelta bat eman behar diegu ditugun instalazioei. Instalazioak onak dira, baina hogei urteren ondoren XXI. mendeko azpiegiturak behar ditugu, modernoagoak.
Urte hauetan guztietan erabaki pila bat hartu behar izan dituzu. Guztiak ez ziren errazak izango.
Ez, asko ez dira errazak izan, eta batzuetan zenbait nahi gabe hartzen dituzu. Damutzen naizen erabaki bat da, adibidez, 2006ko Kontxako sailkapen estropada hura jokatzea. Uretara ez ateratzekotan izan ginen, eta azkeneko momentuan arraunlariek ateratzea erabaki zuten. Atzera botatzeko aukera izango banu, hori aldatuko nuke.
Zer da lehendakari izatearen zailena?
Egunerokoan baliabideak lortzea. Denbora asko eskaintzen diot horri. Tristea da esatea, baina askotan gehiago pozten zara babesle berri bat lortzen duzunean bandera bat irabazten duzunean baino. Azken batean zure ardura hori da, dena ondo joatea. Hori da gehien kezkatzen nauena, baliabideak bilatzea. Ondoren, egunerokoan, erabaki asko daude: entrenatzaileei jarraipena eman edo aldatu; arraunlariak, batzuk joaten direla, besteak heldu direla… beti daude erabakiak hartzeko. Bestalde, asko kezkatzen nau ere klubaren ordezkari naizen heinean horren araberako maila emateak. Elkartearen izena ondo ordezkatu nahi dut. Beti ez dut asmatuko, baina saiatzen naiz.
Eta pertsonalki, zerk betetzen zaitu gehien?
Segur aski, zuzendaritzarekin nahiz arraunlariekin dudan tratuak. Azkenean ordu asko dira, eta urte asko. Familia bat sortzen da, eta lagunak egiten dituzu. Hori da gehien betetzen nauena. Eta batez ere, zerbait lortzen dugunean lehen esan dudan hori datorkit burura: Ikustea lortu dugula, demostratu dugula hondarribiarrek ere balio dugula. Horrek asko betetzen nau.
Elkarte batean zer izaten da garrantzitsuena?
Klub batean, familia batean bezala, errespetua izatea da garrantzitsuena. Ulertzea denen lanari esker lortzen direla helburuak. Hemen ez du batak bestearentzako lan egiten, hau ez da enpresa bat. Eta gero ilusioa behar da. Ilusioa sortzen duen zerbait bizirik dago. Oso zaila da urteren batean entrenatzen hastea ilusiorik ez badago. Profesionala bazara, agian… baina arraunaz oso jende gutxi bizi da. Beraz, ilusioa sortu behar duzu urte berri horri aurre egiteko.