Karim Sulayman tenorearen eta Josu Okiñena piano jotzailearen kontzertua, bihar
Itsas Etxea Auditoriumean izango da musika emanaldia. Juan Luis Silanes zinegotziak nabarmendu du "kalitate handiko" kontzertua izango dela.
Bihar (osteguna, hilak 30), Itsas Etxea Auditoriumak kontzertu berezia jasoko du. Karim Sulayman tenore libanoar-estatubatuarrak eta Josu Okiñena piano jotzaile donostiarra oholtzara igoko dira. Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia kontzertua aurkezteko agerraldian izan da, eta nabarmendu du “kalitate handiko” kontzertua izango dela biharkoa. Kontzertua Batura egitasmoaren hirugarren edizioaren barruan dagoela dio, “emakumeari eta euskal musikari eskainia”.
Sulayman “artista sofistikatu eta moldakorra” dela dio Silanesek, horregatik hartu duela nazioarteko arreta, “bere musikaltasun sentikor eta adimentsuagatik”. 2019an Grammy sari bat irabazi zuen, bakarkako ahots disko klasiko onena egiteagatik.
Okiñena, musikariaz gain, ikerlaria ere bada, prestigio handikoa. Xuxurlak eta Aradak izeneko albumean dabil lanean egun, euskal musika ondareari buruzko ikerketa honetan.
Biharko saioa 20:00etan izango da, eta ez da sarrerarik ordaindu beharko.